Jaurlaritzak zazpi milioi euro inbertituko ditu Txingudi Badiako naturagunea "lehengoratu eta hobetzeko"
Jeltzaleak "oso pozik" agertu dira "balio handiko inbertsio honekin", haien ustez "inbertsio honek bultzada bat emango baitio hiriari, Irun berde eta urdin baterantz".
Gaur bertan Eusko Jaurlaritzak Txingudi Badiako “naturagunea lehengoratzeko eta hobetzeko” zazpi milioi euroko inbertsioa egingo duela jakinarazi du, horren berri eman die hedabideei Irungo EAJ taldeak. Jeltzaleak “oso pozik” agertu dira “balio handiko inbertsio honekin”, haien ustez “inbertsio honek bultzada bat emango baitio hiriari, Irun berde eta urdin baterantz”.
Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu du hezeguneak babestea “erabakigarria” dela “hezeguneetako dibertsitate biologikoa leheneratzeko eta berreskuratzeko”. Horregatik zehaztu du inbertsioko zati handi bat San Lorenzo urmaela handitzeko erabiliko dutela.
Horri lotuta, “konektibitatea hobetzeko” helburuarekin, Irun, Hondarribia eta Hendaia lotuko dituen oinezkoentzako zein bizikletentzako ibilbide berri bat egingo dutela iragarri du sailburuak. Horrez gain, Jaizubiako padurak inguratzen dituzten bidezidorren sarea osatzeko ere erabiliko dute inbertsioaren zati bat.