Sopelan emakume batek jasandako sexu erasoa arbuiatu du M8 Bidasoko Asanblada Feministak
71 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, etxeko langile bati sexu erasoa egitea egotzita. Erasotzailea aske utzi dute, kargupean.
M8 Bidasoko Asanblada Feministak gogor salatu du Sopelan emakume batek jasandako sexu erasoa. “Espero dugu gizabanako honi legearen zama guztia eroriko zaiola eta bere ekintzek gure gizartean eragiten duten nazka eta gaitzespena sentituko dituela, ozen eta argi oihukatzen entzungo digutela ez da ez”. Emakumeari elkartasuna adierazi diote, “eta gure maitasun guztiarekin esan ez dagoela bakarrik”.
Atzo goizalean 71 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Sopelan, sexu eraso bat egitea leporatuta. Etxeko langile batek sexu erasoa egitea egotzi dio gizonari. BERRIAk jakin duenez, duela gutxi hasi zen lanean atxilotutako gizonaren etxean, eta astelehenean egin zion eraso. Emakumeak Getxoko polizia etxean salaketa jarri du, eta erasotzailea epailearen aurrera eraman ostean, aske utzi dute, kargupean. Emakumearengana hurbiltzea debekatu diote.