LAB: "Norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik?"
45 urteko langile bat hil da gaur goizean Irunen, Arbes auzoan lanean ari zela. LABek azaldu berri duenez, hirugarren pisu batetik erori da.
45 urteko langile bat hil da gaur goizean Irunen, Arbes auzoan lanean ari zela. LAB sindikatuak jakinarazi berri duenez, langilea altueratik erori da birgaitzeko lanetan ari zen eraikinean, “hirugarren pisu batetik eta azpian zeuden langileak harrapatuz”. Construcciones Arixu enpresakoa zen hildako langilea. “LAB sindikatutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu langilearen familiari, gertukoei eta langileei”, esan dute hedabideei bidalitako ohar batean.
“Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik?”, erantsi dute amorruz. Administrazioei azalpenak eta “berehalako neurriak” eskatu dizkiete, finean, kontrol handiagoa eta politika zehatzak exijitu dituzte. Eraikuntza eta birgaitze sektorean “benetako prebentzio politikak” egin ditzaten ere eskatu dute, “azalpenak emateko eta altuerako lanetarako plan espezifiko bat egiteko”.
Hildako langile honekin, dagoeneko bost dira aurten Euskal Herrian euren lanpostuan bizia galdu dutenak. “Sektoreak eta langileek ezin dute egoera hau normaltzat eman ezta honetara ohitu ere”.
Hurrengo orduetan deituko dituzten mobilizazioetara adi egoteko deia egin du LABEk.