400 emakumek erantzun dute indarkeria matxistari buruzko inkesta
Inkestatutako emakumeen %17,8k aitortu du indarkeria matxistaren biktima direla edo izan direla; %17,7k bikotetik edo bikote zenetik kanpo nolabaiteko indarkeria jasan dutela; eta %43,1ek hitzez eraso dietela.
Indarkeria matxistari buruz egindako inkestaren emaitzen berri eman du gaur Irungo Udaleko Berdintasun saileko ordezkari Miren Etxebestek. Orotara adin guztietako (16tik 65 urtera artekoak) 400 emakumek parte hartu dute, 27 galdera erantzunez. Bost ataletan banatu dituzte galderak: datu soziodemografikoak, bikotekideak edo bikotekide ohiek erabilitako indarkeria, bikotetik edo bikote zenetik kanpoko indarkeria, jazarpen sexuala eta segurtasun eza eta azkenik, jasandako indarkeriaren kontrako erantzunak.
Etxebesteren arabera, azterlan honen emaitzek “genero indarkeriaren eta indarkeria matxistaren beste alderdi batzuk erakusten dizkigute; orain arte udalak jaso ez dituen alderdiak dira, hain zuzen, eta, ondorioz, ez zaie behar adinako arretarik eskaini. Gure ingurune lokalari eta Irungo gizartearen egunerokotasunari eta errealitate soziokulturalari estuki lotutako gaiak dira». Inkesta Genero Indarkeriaren kontrako 2021eko Estatu Itunaren barruan egin dute.
Ondorioei erreparatuta, ordezkariak esan du badirela egoera batzuk egun adinekoak diren emakume askok iraganean normal edo zilegitzat zituztenak, eta indarkeria gisa identifikatzen ez zituztenak. Horri lotuta, adierazi du egoera horiek belaunaldi berriek indarkeria gisa identifikatzen dituztela eta komentatu eta salatzen dituztela. Bestalde, lanean jasandako indarkeria kasu ugari jaso dituzte. Era berean, emaitzek diote emakumeek kalean sentitzen dituzten segurtasun ezak eta beldurrak hirian barrena mugitzeko “askatasuna mugatzen” dietela.
Datuak
Inkestari erantzun dioten emakumeen %17,8k aitortu du indarkeria matxistaren biktima direla edo izan direla; %17,7k bikotetik edo bikote zenetik kanpo nolabaiteko indarkeria jasan dutela; eta %43,1ek hitzez eraso dietela.
Bestalde, gehiengo batek, hau da, %75,1ek, erantzun dute jazarpen edo beldur egoerak edo segurtasunik eza bizi izan dituztela kalean; %21,7 egoera salatu dutela eta %28,1ek euren burua erasoren batetik babestu dutela. Inkesta erantzun duten emakume migranteen %70,4k indarkeria jasan dutela erantzun dute, migratzaileak ez diren emakumeen artean %13,75 den bitartean.