San Migeleko Emigrazio eraikinaren etorkizuna diseinatzen hasi dira
Eraikina birgaitzeko proiektua idazteko lanen adjudikazioa onartu berri dute. Beheko solairuan auzorako ekipamendu sozialak egokituko dituzte, eta goiko solairuetan aldiz, gazteei zuzendutako alokairuko apartamentuak egingo dituzte.
Aste honetan onartu du IRUMVIren administrazio kontseiluak San Migeleko Emigrazio eraikina birgaitzeko proiektua idazteko lanen adjudikazioa. Udalak jakinarazi duenez, Etxebizitza Sozietate Publikoa arduratuko da proiektua izapidetzeaz. Proiektuarekin “eraikin historikoa auzorako prestatu eta erabilera eta espazio berriak” sortu nahi dituzte.
Idazten hasi diren proiektu honetan eraikin guztia sartu dute, baina edukia bereizita aurkeztuko dute, beheko solairua alde batetik eta goikoa bestetik). Izapidetzeak aurrera egin ahala, proiektua faseka egingo dute.
Jose Antonio Santano alkatearen arabera, “behin kanpoalde osoa birgaituta, barrualdera bete-betean sartu eta eraikinari erabilera emateko unea da: San Migelentzat eta hiri osoarentzat oso interesgarriak diren ekipamendu sozialak kokatuko ditugu, eta etxebizitza publikoaren aldeko apustuan aurrera egingo dugu, alokairuko apartamentuen bloke handi bat eraikita”.
Beheko solairuan auzoko elkarteak eta auzoko beste elkarte batzuek egindako ekarpenek txoko bat izango dute. Azken hilabeteotan auzotarrek proposamenak helarazi dituzte, EH Bildu taldearen zuzenketa bati esker egin dute prozesua. Honetan, honakoa eskatu zuten: adinekoentzako espazio zabalago bat eramatea bertara, zerbitzu gehiagorekin; auzo elkartearen egoitza han jartzea; eta azkenik, haurtxoko bat instalatzea eta erabilera askotarako espazioak izatea, jarduera eta ekitaldiak egiteko.
Alokaiurko apartamentuak ere aurreikusi dituzte eraikinean, bereziki gazteei zuzenduak izango dira. Orotara 39 apartamentu proposatu dira bertan.
Proiektuak idazteko aurrekontua 205.000 eurokoa da, eta bost hilabetean egitea aurreikusi dute.