[Erreportajea] Portuarren hizkera hizpide, ‘Onyarbi blagan’ ekoitzi dute
Opari bat egiteko sortutako liburuxkaren hogei ale argitaratu dituzte Bakarne Atxukarrok eta Aritz Gonzalezek. Bertako hizkerak ahanzturan eror ez daitezen, euren hondar aletxoa jarri dute.
Ogibidearen eta bizitokiaren arabera garatu dira mendeetan zehar Hondarribiko hizkerak. Portuar, baserritar eta kaletarren artean bereiztu da historikoki bertako gizartea, horietako bakoitza, pixkanaka, hizkera propio, berezi eta ezberdina aberasten joan delarik. Egunerokoan helduenei entzun ahal zaie oraindik ere euren hizkeran, baina belaunaldiz belaunaldi aztertuz gero, euskara baturanzko joera handituz doala ikus daiteke.
Mendeetan zehar ereindako hazia gal ez dadin euren hondar aletxoa jarri nahi izan dute Bakarne Atxukarro eta Aritz Gonzalez hondarribiarrek. Portuarren hizkeraren inguruko Onyarbin blagan liburuxka autoeditatu eta argitaratu dute aste honetan. Ohikoa ez den formatua du argitalpenak, ohikoa ez den moduan ekoitzi dutelako.
Aitarentzako opari gisa sortu zuten Onyarbin blagan. “Jaietan elkartu ginen eta Aritz [Gonzalez] tontokeriak egiten hasi zen. Endaneako lore eta landare haztegian lan egin du urte askoz. Esamolde eta hitz berezi horiek oso barneratuak ditu, eta esaten dituenean doinu berezi hori ematen die. Beti barrezka gaude. Halako batean aitak esan zigun horrekin zer edo zer egin behar genuela, eta orduan bururatu zitzaigun: ‘Eta aitarentzako opari bat prestatzen baldin badugu?’”.
Esamolde horiek guztiak idatzi zituen orduan Gonzalezek, eta Atxukarrok gidoi bat osatu zuen horiekin. Argazki batzuk eta maketazioa burutu ondoren, zerbait falta zela sentitu zuten, eta prestatutakoa grabatzea erabaki zuten. “Noski, gauza bat da irakurtzea, eta bestea, entzutea. Hori da politena”, adierazi du Atxukarrok.
Hori horrela, Portura joan zen bikotea egun batean, eta esamoldeekin prestatutako istorioaren audioa grabatu zuten. “Han bi emakume ziren eserita barrez lehertzen, eta galdetu ziguten ea noiz aurkeztu behar genuen gure lana auditorioan”, azaldu du umorez hondarribiarrak. Den-dena grabatuta, hori liburuxkan txertatzea besterik ez zen falta.
Datozen belaunaldiei begira
Penatuta agertu da Atxukarro Hondarribiko hizkeren etorkizunaz mintzatzerakoan. Haurrek euskara baturantz egiten dutela onartu du, eta begi onez ikusten du hori: “Euskara batua oso ondo dago, hori esaten dugu liburuxkaren sarreran, eta horri esker guztion artean ulertzea erraza da, posible da. Baina horrek ez du esan nahi gainontzeko hizkerak desagertu behar direnik”.
Hori horrela, portuarrek intonazio eta doinu bereziak erabiltzen dituztela jakinda, grabatutako audioak QR kode bidez txertatu dituzte argitalpenean. Era horretan, asmatutako istorioa irakurri ahala audioa entzun dezakete interesdunek. “Idatzita, grabatuta, nonbait ere finkatuta geratzeko egin dugu, baita jendeak erreferentzia izateko ere”, erantsi du.
Ildo horretan, institutuekin, euskaltegiarekin… harremanetan jarri dira, eta haiei liburuxka bidali diete. Ikasleen artean hori hedatzeari garrantzitsua iritzi dio, haiek ere “zer dagoen” jakin dezaten: “Orandik dagoelako, eta posible baldin bada, ez galtzeko. Oso gurea da eta inork ez digu hori irakatsiko”. Izan ere, mugen artean eta kostaldean egoteak eragin du bertako hizkeretan, eta beraz, frantsesetik eratorritako arrut [en route] eta bizkaieratik laja [laga] bezalako terminoak barneratzen ditu.
Kaletarren eta baserritarraren gainean galdetuta, momentuz egindakoarekin “gozatuko” dutela adierazi du. “Honekin aitari oparitxoa egin nahi genion, baina egia esanda, sorpresa handia hartu dugu jendea galdezka dagoelako non lor dezaketen”, erantsi du. Autoeditatutako hogei liburuetatik ale batzuk Artzu liburu dendan eskuragarri daude. “Agian gehiago aterako ditugu”, bukatu du.