[Elkarrizketa] "Emakume artistekin zer gertatu den aztertzen dut"
Emakumeak eta artea aztergai ditu Noainek ‘Emakumeak artearen historian’ izenpeko ikastaroan. Hainbat diziplinetan aditua, Artearen Historiako gradua eta hamaika proiektu ditu esku artean.
Emakumeak eta artea izan zenituen hizpide orain gutxi San Telmo museoan, eta horren inguruko ikastaro bat ere garatzen ari zara Los Viajes de Aspasia egitasmoaren bitartez. Gai oso zabala da, nondik hasi?
Emakumeak artearen historian ikastaroa eta hitzaldia bi ikuspuntu ezberdinetan oinarrituta dago. Alde batetik, emakumeek artearen historian zehar zer rol jokatu duten aztertzen dut, ez soilik artista bezala, baita modelo gisa ere nola erabili den emakumeen gorputza. Errenazimentutik jorratzen da mitologia pinturan, eta emakumearen gorputza mito erotiko bezala biluzik agertzen da garai hartatik. Margolariek, eta bereziki margolariak enkargatzen zituzten pertsonek aitzakia bezala aukeratzen zituzten mitologiaren inguruko gaiak, emakumeen gorputzak irudikatu eta haien
etxeetan, intimitatean, ikusteko. Emakumeen gorputza gauza bihurtzen zuten. XIX. mendean, adibidez, emakume- aren eredu dikotomikoa agertu zen: alde batetik, Ama Birjinaren antzekoa, bertutetsua eta fidela behar zuen, ez bakarrik ama bezala, emazte bezala baizik; eta beste alde batetik, femme fatale eredua agertu zen. Nik uste dut oso ondo ulertzen dela kontzeptu hori, eta historian zehar hainbat eredu daude, adibidez, Cleopatra. Finean, anbizio handiko emakumea zen, lizuna, bere gorputza eta bere sexualitatea nahi zuena lortzeko erabiltzen zuen.
Bestalde, eta hau da ikastaroaren puntu nagusi eta garrantzitsuena, emakume artistekin zer gertatu den aztertzen dut. Izan ere, artearen historia aztertzen baldin badugu, badirudi, eta berriz ere diot, badirudi, ez dagoela emakumeen presentziarik. Eta ez da horrela. Bi fenomeno ezberdin gertatu dira hor: batetik, emakumeentzat oso zaila zela artearen munduan modu profesionalean sartzea, oztopo ugari zeuden, eta traba nagusia hezkuntza zen. Ez zuten aukerarik marrazki eta margo akademietan sartzeko, eta XVIII. mendean horretarako baimena lortu bazuten ere, gauza batzuk debekatuak zituzten, adibidez, biluzi maskulinoen klaseetara joatea. Noski, hori oso inportantea zen margo historiko eta mitologikoa egiteko, eta garai hartan horiek ziren genero nagusiak.
Bigarren fenomenoa da traba guztiak gainditzea lortu zuten emakumeek erabat ikusezin bihurtu zituen prozesu bat jasan zutela. Pentsa, artearen historian zehar historialariak batez ere gizonak izan dira. Hortaz, zer gertatu da? Alde batetik, hezkuntzan topatu zituzten oztopo guztiak daudela, eta bestetik, ikusezin bihurtzeko prozesua dagoela.
Ikastaroan emakume artisten izenak berreskuratuko ditugu, eta saiatzen ari naiz demostratzen badaudela, oso-oso onak zirela, eta batzuk kristoren arrakasta izan zutela bere garaian. Orain, baina, erabat ahaztuta daude.
Eta ez dira historia liburuetara pasa.
Ez. Pentsa sinadurekin gertatzen zena. Oker ez banaiz Virginia Woolfek esan zuen literaturaren historian Anonimoa irakurtzen dugunean emakume bat dela egilea. Artearen historian pareko zerbait gertatu zen. Batzuetan sinadurak ez ziren ikusten, beste batzuetan kentzen zituzten… Patriarkatua izan zen. Emakume batek arrakasta bazuen, beste gizon margolariek eta historialariek arrakasta hori desagerrarazten zuten.
Adibide bat: Judith Layster. XVIII. mendeko emakume margolaria Frans Hals margolari ospetsuaren oso parekoa zen. Badirudi bere maisua izan zela eta estiloak oso antzekoak ziren. XIX. mendearen bukaeran Halsen artelan bat diru kopuru handi baten truke bereganatu zuen bildumazale batek. Handik denbora batera ikerketa bat egin zuten, oker ez banaiz Louvre museoak burutu zuen, sinadura aldatuta zegoela deskubritu zuten, eta koadroa ez zela Halsena, Layste- rrena baizik. Margolanaren erosleak gastatutako dirua bueltatzea nahi zuen, eta protesta egin zuen salneurria jaisten saiatzeko. Kontzeptua erabat ezberdina zela argudiatu zuen artelana birnegoziatzeko. Sinadura emakume batena zelako egin zuen hori guztia.
Balio guztia galdu zuen margolanak emakume batek margotu zuelako?
Bai, hori da. Koadroa berbera zen, baina jada ez zitzaion inporta ez teknika, ezta meritua ere. Artearen historia beti saiatu da diferentzia hori markatzen. Badago beste pentsamendu bat zeinetan emakumeak beti amatasunari lotuta gauden, ugalketari eta halako kontzeptuei. Kultura beti banatu izan da: gizonen ondarea da, eta emakumeek ez dute talenturik, ez dute sorkuntzarako gaitasunik. Ezin zuten onartu emakume batek ondo margotzea, eta emakume baten sinadura duen lanaren balio ekonomikoa guztiz ezberdina da; galtzen da.
Noiz hasten dira emakume sortzaileak historia liburuetan agertzen?
1960ko eta 1970eko hamarkadetan bereziki. Beti gomendatzen dut 1971ko Linda Nochlinen artikulu bat, eta beti esaten dugu hori dela kritika feministaren hasiera artearen historian. Nochlinek nik planteatzen ditudan galderen antzekoak egiten ditu, adibidez, emakume artistarik egon ez ote den, eta egon badira zer gertatu den haiekin. Aldaketaren abiapuntua dela uste dut. Artearen historialari emakumeak izan dira genero ikuspuntua eta emakumeen bazterketa haien ikerketetan aplikatu dituztenak.
Begira, historialariek gaia ikertu eta genero ikuspuntua aplikatu dutenean emakumeen izenak aurkitu dituzte. Arrakastatsuak, gainera. Adibidez, XVIII. mendean Élisabeth Vigée Le Brun. Maria Antonieta [Austriakoa] Frantziako erreginaren 30 erretratu baino gehiago margotu zituen. Edo Sofonisba Anguissola margolaria zeina Espainiako Felipe II.aren erretratu politenetako bat margotzeagatik ezaguna den. Makina bat kasu daude.
Nolakoa da gaur egun emakume artisten presentzia museo eta galerietan?
Nik uste erabat aldatu dela egoera, zalantzarik gabe. Baina, adibidez, San Telmo museoan eman nuen konferentzian galderen txandan gizon batek hitza hartu zuen, eta esan zuen berdintasun politikak modan daudela eta museoek aukera aprobetxatzen dutela. Egia da gai hau modan dagoela, baina guk ere aukera baliatu nahi dugu. Hainbeste menderen ondoren halako politikak beharrezkoak direlako oreka lortzeko. Egia da museoen lana erabat aldatu dela. Prado museoan orain dela urte batzuk Clara Peeters margolariaren inguruko erakusketa prestatu zuten, bodegoiak egiten zituen. Prado museoa erreferente bat da estatuan, eta erakusketa hori abiatu ondoren, Anguissolari buruzko beste bat egin zuten, eta urtetik urtera emakume margolarien lana errepasatzen dute.
Nik uste dut aldaketa emateko eta gizartean kontzientzia pizteko instituzioek halako politikak egin behar dituztela. Prado museoa aipatu dut, baina San Telmo museoaren Baginen bagara erakusketa ere hor dago, baita dibulgazio argitalpen eta bildumak ere. Segun eta gaia nola lantzen duten, hala ere, arriskutsua ere izan daiteke. Nik beti Frida Kahloren adibidea jartzen dut. Haren lana baloratzen dut, baina artistaren irudia erabat distortsionatzen ari da. Produktu komertzial bat bihurtu da, eta feminismoaren ikur gisa saltzen dute. Esango nuke talentu handiko artista zela, baina ez feminismoaren eredu bat.
Ikastaroak eta bestelakoak garatzen dituzu Los Viajes de Aspasia proiektuaren barruan. Zertan datza zehazki?
Ez dakit, egunero aldatzen da. Irrati kate batean egindako zenbait kolaborazioren harira sortu zen izena, eta hasieran Los Viajes de Ulises jarri nion Homero asko gustatzen zaidalako, eta Ulises oso bidaiari inportantea izan zelako. Orduan anaiak esan zidan ea zergatik ez nuen emakume baten izena aukeratzen, eta Aspasia jarri nion proiektuari. Ez dauka zerikusirik bidaiekin eta jendeak bidaia agentzia bat dudala uste du, baina ez. Hasieran blog bat sortu nuen, bidaia blog baten antzekoa.
Ponpeiako indusketetatik tokian tokiko proiektuetara. Ibilbide luzea duzu eta profesionalki oso aberatsa. Nora doa zure bidaia?
Ikusiko dugu! Oraintxe esan dut Los Viajes de Aspasia egunero aldatzen dela. Oiasso museoan lan egiten nuenean nire bizitzako lana zela uste nuen. Nik aukera hori izatea, jarduerak antolatzen, ikastaroak ematen, arkeologia zinemaldiarekin… nire bizitzako lana zen, benetan. Orain dela bost urte hor jubilatuko nintzela uste nuen, eta norbaitek momentu hartan esan izan balit langile autonomo bezala lanean hasiko nintzela, bi liburu argitaratu, Los Viajes de Aspasia sortu… ez nuen sinistuko. Bizitza miragarria da horretarako. Egia da orain arte egin ditudan proiektuen artean idaztea asko gustatu zaidala. Ikastaroekin jarraituko dut nire oinarria delako, eta horietan izena emateko webgunean sartu besterik ez dute egin behar interesdunek, baina egia esan, idazteari ere heldu nahiko nioke.