[Erreportajea] Eskualdea batzen duen bozgorailua
Otsailean hogei urteko beteko ditu Antxeta Irratiak. Bi hamarkadaz Behe Bidasoko elkarte, eragile zein norbanakoen bozgorailu izan da, «salaketarako tresna» gisa erabili dute mikrofonoa.
Otsailak 18 zituen 2002an Behe Bidasoko herritarrek Antxeta Irratiko esatarien ahotsak entzun zituztenean lehenengoz. Orduan astindu zituzten uhinak, eta ordutik tokiko informazioa lehen eskutik eta gertutasunez eskaintzeaz gainera, euskararen hedapenean eragile aktibo bilakatu da Bidasoa ibaiaren bi aldeetan. Ez baita irrati soil bat, hori argi erakutsi dute azken 20 urte hauetan.
Maia Muruaga izan zen Antxetako mikrofonoaren aurrean jarri zen lehena. Ederki gogoratzen du lehen saio hura, egun berezia izan zela aitortu du. «Oso urduri nintzen, baina oroitzapen ederrak ditut. Zaila izan zen hasieran, baina harro egon gaitezke egindako ibilbideaz». Antxetaren sorrera behar batetik heldu zela kontatu du, ez baitzegoen eskualdean euskara hutsean egiten zuen hedabiderik. «Euskarazko irrati baten beharra zegoen. Herritarrek ere eskatzen zutela sumatu genuen, behar bat zegoela. Eskualdeko herrien arteko hartu-emana sustatu nahi izan zen, adibidez, hondarribiar batek jakin zezan Hendaian zer gertatzen zen, eta alderantziz», erantsi du. Ordutik, Antxetarekin batera, Hitza izan da euskara hutsean aritzen den eskualdeko hedabide bakarra [2010ean sortu zen Bidasoko Hitza].
Aitziber Zapirainek hamabosgarren urtea du aurten Antxetan esatari gisa, eta mikrofonoaren aurrean jartzeaz gainera, hedabidearen koordinatzailea da. Hasiera hartatik, besteak beste, euskara, feminismoa, memoria historikoa eta giza eskubideen defentsa izan dituzte eredu, hori kontatu du, baina urteekin «tentakulu askoko eragile» bilakatzen joan dela herri irratia. Irrati komunitario izaera hori urteen poderioz «bereganatzen, kontzientziatzen eta gorpuzten» joan dela uste du, baina finean hasierako esentzia hori mantendu dutela.
Izan ere, irratigintza egin eta zabaltzeaz gain, herrigintzan ere parte aktibo izaten segitzen du Antxetak. Konpromiso hitza nabarmendu du Zapirainek, egunerokoaren ikusle eta kontalari izatetik harago, entzule ere badelako irratia. «Orain nabarmenki bizi duguna migrazioa da, pasabidean dauden pertsonen egoera salatzea, eta guk uste dugu komunikabide bezala busti egin behar dugula, bestela azken batean konplize bilakatzen zara. Esaterako, aspaldi erabaki genuen alarde parekidea bakarrik aipatzea, besteak emakumeen eskubideak urratzen dituelako. Iruditzen zaigu giza eskubideen errespetatzera bidean irratia izan daitekeela salaketa bozgorailu bat», erantsi du hendaiarrak. Irratia eraldaketarako tresna dela gaineratu du Zapirainek, «gauza asko eraldatu nahi eta ahal dituena». Horretan ibili dira 20 urte hauetan.
Baina tamalez, euskal hedabide gehienek bezalaxe, azken bi hamarkadatan askotariko oztopoei egin behar izan diete aurre Antxetako kazetariek. Egoera zertxobait aldatu den arren, hala izan dela aitortu dute langileek, Irunen bereziki hizkuntza eskubideak bermatzeko arazo ugari izan dituztelako, eta hori iraultzeko borroka etengabea izan dute irratiko kazetariek. «Gogorra izan da borroka. Azken batean hizkuntza eskubideez ari gara. Gaur egun asko aipatzen da zurikeria morea, bada euskararekin ere zurikeria handia dago. Uste dut Antxetak egin duen ibilbidearekin gaur egun ez zaiola inori burutik pasatzen prentsaurreko bat erdara hutsean egitea, herri mugimenduez ari naiz bereziki. Garaipen txikiak lortu ditugula uste dut», nabarmendu du koordinatzaileak.
Sare indartsua
Eragile izaera hori eskuratzeko kalera atera dira Antxetako kazetariak, zuzeneko hartu-emana izan dute haien bozgorailua erabili nahi izan dutenekin. Eta harreman horien fruitu izan da egun alboan duten sarea, Muruagak esan bezala, «beraiek aberastu baitute irratia». «20 urte hauek ez dira errazak izan, baina harro egon gaitezke egin dugun ibilbideaz, lortu dugun sare erraldoiaz». Bide batez, eskerrak eman dizkiete haien alboan lanean aritu diren norbanako, elkarte eta eragileei. «Antxetak gaur egun lau-bost langile dituen arren, laguntzaile sare handi bati esker egin dugu aurrera, hori gabe kasik ez gara deus. Laguntzaileak ezinbestekoak izan dira, hori baita herri irrati baten izaera», azaldu du Zapirainek.
Urteurren berezia biribiltzeko, opari ederra jaso du Antxetak. Izan ere, lokal berria estreinatu dute azken asteetan, eta otsailerako inauguratzea aurreikusi dute. Hendaian finkatu dute egoitza berria jada (Lekueder, 18), lokal handi eta eroso bat utzi die Hendaiako Udalak. Inaugurazio ekitaldirako bazkaritxo bat edo ekitaldiren bat egin nahi du Antxetak, laguntzaile sare guztiarekin. «Esango nuke momentu onenean gaudela, lokalaren aldaketak hauspo handia emango digulako. Ilusioa da hitza. Niri, adibidez, hamabost urteak oso azkar pasa zaizkit, eta hasierako ilusio berberarekin nago, Antxeta osatzen dugun lagun guztiak bezala»