[Elkarrizketa] «Irratia informazio iturri bat baino gehiago da, pedagogikoa»
Euskarazko hedabideak kontsumitzeko beharraz aritu da hendaiarra, «kalitateak ezberdintzen gaituelako» haren ustez. Tokikoak eta nazionalak, txiki zein handietara jotzera deitu ditu herritarrak.
Orain dela 20 urteko Antxeta eta oraingoa. Zer aldatu da?
Orain dela 15 urte egitasmoa egonkortzen ari ginen, eta euskal komunikabide askok bezala txiki sentitzen genuen gure burua. Baina jada kontzientzia hartu dugu nor garen, badakigu txikiak garela baina horrek ez du esan nahi gaizki egiten dugunik. Beti esaten da txikia aurreiritziz bezala, baina uste dut kalitatea eskaintzen dugula. Guk, esaterako, irrati komunitario bat izanik, ez dugu minutuak betetzeko ariketa hori egiten. Ez dago betelanik gure programazioan. Ez dugu sentsazionalismorik nahi, horrek egiten gaitu gu handi, txiki izanik.
Kalitate handia dago euskal komunikabideetan.
Zalantzarik gabe. Iaz Bozak elkarte feministarekin batera ikus-entzunezko proiektu bat landu genuen, hainbat kazetari eta aditurekin. Ondorioetako bat izan zen Euskal Herriko hedabideetan kalitatea eskaintzen zela, eta uste dut badela harro egoteko zerbait.
Zergatik animatu behar dira herritarrak euskarazko komunikabideak kontsumitzera?
Bada hain zuzen, zerbaitek ezberdintzen bagaitu, euskaraz komunikatzeaz gain, kalitate hori da. Lan istripu batean, esaterako, gure albistea izango da lan istripu hori gertatu den bezala kontatzea. Ez gara hasiko galdetzen lankideari zer nolako langilea zen hil zena, edota ea segurtasun neurriak betetzen zituen… Gauza bera indarkeria matxistako kasu batean, edo migrazio prozesuan dauden pertsonen errealitatea kontatzerako momentuan. Uste dut hurbilekoak garela. Eta ez bakarrik hedabide txikiak. Nazio mailako euskal hedabideetan ere kalitatea dagoela uste dut, ez ditut urrun sentitzen. Uste dut euskal kazetariak kalean gaudela, eta kritikak jasotzeko oso irekiak gaudela. Informazio iturriek hori sentitzea ezinbestekoa da. Hortik ikasi egiten dugu, hori garrantzitsua da, eta horrek ezberdintzen gaitu.
Zer ematen du hedabide txiki batek, handi batek eman ezin duena?
Bateragarriak dira, baina gertatzen dena da handira badatorrela informazioa, eta txikian bila joan behar duzula. Baina txikiak gertutasun hori emango dizu, pertsonalagoa iruditzen zait, goxoagoa.
Eta zergatik entzun Antxeta?
Uste dut eskualdea benetan aintzat hartzen duen komunikabide bakarra garela. Esaten da eskualdea euskarak batzen duela, baina eskualdea ez du ezerk batu behar, batuta dagoelako ja. Eskualde natural bat da, muga batek banatzen duena, baina guretzako ez dago mugarik. Eta uste dut Antxetari esker eta hemen eskaintzen ditugun saioei esker benetako izaera ematen zaiola eskualdeari. Irratia mugak hausteko tresna bat ere bada.
Irratiak, beraz, etorkizuna du.
Irratia informazio iturri bat baino gehiago da. Pedagogikoa dela uste dut. Telebistan telezaborra asko aipatzen da, baina irratian ez dut uste horrelakorik dagoenik. Beti egon gara desagertzera mehatxatuta, unibertsitatean ere ohitu ginen hori entzutera, baina uste dut orain irratia dela bakarrenetarikoa hedabideen kontsumo ohitura berrietara egokitu dena.