Egoiliarren TAO txartelak berritzeko kanpaina hasi dute
Aurtengo tasa 33,60 eurokoa da, eta hilaren 31ean zordunduko da ordainketa, orduan amaituko baitute kanpaina.
Udalak jakinarazi berri duenez, aste honetan hasi da 2022rako TAO txartelak berritzeko kanpaina. Azken urteotan udala betiko balioko duten egoiliar txartelak banatzen ari da, “herritarrei izapideak errazteko eta kontrolean aurrera egiteko” asmoz. Automatikoki berritzen dira, egoiliar izateko baldintzak betetzen jarraitzen bada betiere.
Beraz, baldintza horiek betetzen dituzten eta tasaren ordainketa helbideratuta duten egoiliarren egungo txartela automatikoki berrituko da. Aurtengo tasa 33,60 eurokoa da, eta hilaren 31ean zordunduko da ordainketa, orduan amaituko baitute kanpaina.
Udalak gomendatu du helbideratzea eskatu dezatela egoiliarrek, egoitza elektronikoan eska daiteke, helbide honen bitartez, Irun Txartela erabiliz edota ziurtagiri digital bat baliatuz. Ordainketa helbideratuta ez dutenek egoitza elektronikoaren bidez egin dezakete, aipatutako lotura horretan.
Epea amaitu ostean, ordainagiriaren ordainketa helbideratuta ez duten eta tasa ordaindu ez duten erabiltzaileen TAO txartela balio gabe geratuko da.