Astelehenean zabalduko dute HH, LH eta DBHko ikastetxeetan aurre matrikulatzeko epea
Hamabi ikastetxeren artean aukeratu dezakete gurasoek. Hilaren 28a izango da izena emateko azken eguna.
2019 eta 2020an jaitako haurren gurasoak adi egon daitezela, Irungo Udalak gogoratu duenez, datorren astelehenean (hilak 17) hasiera emango diote 2022-2023 ikasturterako Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko zein pribatuetan aurre matrikulatzeko epea. Hilaren 28a izango da azken eguna.
Hamabi ikastetxeren artean aukeratu dezakete gurasoek. Ikastetxe baterako eskabideen kopurua handiagoa bada hutsik dauden tokiena baino, legediak ezarritako baremoa aplikatuko dutela aurreratu dute. Noren etxea non dagoen izango da eskaera puntuatzeko elementu nagusia.
Ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da: Familia liburuaren fotokopia eta NAN edo ANT; Ikaslearen errolda/bizikidetza agiria edo familia unitateko kide guztien erroldatze ziurtagiria (Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoko kutxazainetan eskuratu
ahalko da erroldatze ziurtagiria, 08:00etatik 22:00etara bitartean, nortasun agiriak aurkeztuta, edo 010 telefonoan edo Irun Txartelaren bidez eskatu); Puntu gehiago lortzeko balio duten beste zirkunstantzia batzuk (minusbaliotasunak, lantokiaren helbidea, familia ugaria) egiaztatzeko dokumentuak; 2020ko errenta aitorpena, Gipuzkoatik kanpo egin bada soilik; eta EAEtik kanpo eskolatutako ikasleek, egindako ikasketen ziurtagiria.
Aukeratutako ikastetxean bertan bete beharko dute dokumentazioa gurasoek, edo esteka honetan online eskaera egin. Ondoren, behin behineko eta behin betiko zerrendak ikastetxeetan argitaratuko dituzte, otsailaren 15ean, martxoaren 8an eta martxoaren 22an
2. urtekoen gelan matrikulatuta dauden haurrei, ikastetxe berean jarraitzen badute, tokia bermatuko zaila zehaztu du udaleko Hezkuntza sailak, beraz, ez dute matrikularik egin beharko. Era berean, datorren urtean DBHn hasten diren ikasleek ere ez dute eskaerarik egin beharko, baldin eta eskola ibilbidean aldaketarik ez badago.
Eskaeran ikastetxe bat baino gehiago aukeratuz gero, lehen postuan jarritako horretan egin beharko da eskaera.
Informazio gehiago jasotzeko, 010 telefono zenbakira deitu daiteke.