Iaz ia 19.000 bisitari jaso zituen Oiasso Erromatar Museoak
2020arekin alderatuta, %64 hazi da bisitarien kopurua. Balantzeaz gainera, datozen ekitaldien berri ere eman du museoak.
Oiasso Erromatar Museoak 2021. urtearen balantzea egin berri du, eta horri lotuta, 2022rako aurreikusitako lehen ekitaldi eta ekintzen berri eman du. Datuei erreparatuta, iaz 18.875 bisitari izan zituen, 2020an baino %64 gehiago. Kultura Arlotik nabarmendu dutenez, “hiriko kultur ekipamendu nagusietako bat da Oiasso, eta bere jardun guztia egungo egoerara egokitzeko lan handia egin du. Joan den urtean berriro ere ekimenik berezienetako batzuk antolatu izana eta bisitari eta erabiltzaileak itzuli izana oso berri onak dira, eta gure ondare historikoa sustatzen jarraitzeko bidean hurrengo erronkei aurre egiteko ilusioa eta itxaropena ematen digute”.
Museoak “optimismoz” begiratzen dio urte berri honi, eta zuzendaritzako kideek espero dute susperraldiaren bidean aurrera egiten jarraitu ahalko dutela aurten. Etorkizuneko proiektuak gogoratu dituzte, tartean, termak erakusteko moduan egokitzea.
Datozen jarduerei begira, lehena datorren asteartean (hilak 11) egingo dutela aurreratu dute. Camino de Santiago, se hace camino al andar. Historia, arqueologia, arte, leyendas y mitos jacobeos izeneko ikastaroaren bigarren moduluan izena emateko epea zabalduko dute egun horretan. Honetan, ikuspuntu arkeologiko eta historikotik Donejakue bidea aztertuko dute. Ikastaroa gaztelaniaz izango da. Otsaila eta maiatza bitartean eskainiko dituzte eskolak, bi txandatan: astearteetan, otsailaren 8tik maiatzaren 10era bitartean, 18:00etatik 19:00etara, eta ostegunetan, otsailaren 10etik maiatzaren 12ra bitartean, 11:00etatik 12:00etara. Orotara hamabi saio egingo dituzte. Jakin Lanz Beteluk emango du.
Bestalde, Mertxe Trantxe historialari irundarrak urteko lehen literatur tertulia eskainiko du otsailaren 28an. Aurki zabalduko dute honetan izena emateko epea.