Euskal preso eta iheslarien alde herriz herri mobilizatzera deitu du Sarek larunbatean
Pandemiaren eragina dela eta, presoen kolektiboaren aldeko urteroko mobilizazioa tokian-tokian egitea erabaki du Sarek; Hondarribian, San Pedro kalean finkatu dute hitzordua.
Euskal preso eta iheslarien alde mobilizatzera deitu du Hondarribiko Sarek, ohar baten bidez jakinarazi duenez. Urtarrilero, Bilbon eta Baionan egin ohi diren manifestazioak herriz herri antolatzea erabaki du presoen kolektiboaren eskubideen aldeko taldeak. Hala, hilaren 8an larunbatarekin finkatu dute hitzordua, Hondarribiko San Pedro kalean, 17:00etan.
Emandako argudioen artean, hiru nabarmendu dituzte Sareko kideek: batetik, euskal presoen aldeko hitzordua ikur bihurtu delako; bestetik, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan jarraitzen dutelako; eta azkenik, izurriak eragin zuzena duelako euskal presoengan eta haien senideengan ere.
Hori guztia dela eta, “inoiz baino beharrezkoago” iritzi dio Sarek hitzordua mantentzeari, “bidea egiten jarraitzeko: bizikidetzarako bidea, bakerako bidea, etxerako bidea”.