Hondarribiarrek aurrekontuetan parte hartu ahal izango dute
Udalak proposatutako bost proiektuetatik bat hautatuko dute hondarribiarrek; herritarrek gehien bozkatzen dutena 2022an zehar gauzatuko dute.
Hondarribiko Udalak lehen aldiz abiatuko ditu aurrekontu parte hartzaileak. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Maria Serrano Hiritarrekiko Harremanetarako zinegotziak eman zuten iniziatibaren berri atzo goizean udaletxeko areto nagusian. Bertan zehaztu zutenez, egingarriak diren bost proiektuen artean bat hautatu ahal izango dute hondarribiarrek. Puntu gehien lortzen duen egitasmoa gauzatuko du udalak 2022. urtean zehar.
Honakoak dira proposatutako proiektuak: haur parke bat estaltzea, Amuteko pilotalekua estaltzea, San
Markos parkean irisgarritasuna hobetzea, txakurren aisialdirako gune bat sortzea, eta Pump
track bat sortzea, hau da, bizikleta edo irristailuekin erabil daitekeen zirkuitu itxia.
Serranok azaldu zuenez, informazio osoa datorren astetik aurrera egongo da ikusgai udalaren webgunean. Urtarrilean, Gabonen ondotik, zabalduko dute bozketa eta Hondarribian erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute horretan.