Hirurehun lagunek parte hartu dute egutegia osatzeko lehiaketan
Guztira, 617 argazki aurkeztu dituzte txapelktan parte hartu duten interesdunek; bihartik aurrera jaso daiteke 2022. urteko egutegia herriko hainbat puntutan.
Hondarribiko Udalaren 2022. urteko egutegia aurkeztu du gaur goizean Maria Serrano Turismo zinegotziak. Guztira, 301 lagunek parte hartu dutela lehiaketan azaldu du, eta horiek 617 argazki bidali dituztela erantsi. Horien guztien artean hamabi argazki hautatzeko ardura izan dute Floren Portu eta Estitxu Ortolaiz argazkilariek, haiek osatu baitute epaimahaia. Serranorekin batera sei irabazlek parte hartu dute aurkezpenean.
Parte hartzaileen jatorriari dagokionez, Bidasoko argazkilariez gain, gipuzkoarrak, errioxarrak, kantabriarrak… izan dira lehiaketan.
Egutegia bihartik aurrera jaso dezakete interesdunek Arma Plaza informazio gunean zein Portuko Turismo bulegoan. BAZen ere ale sorta utziko dutela gaineratu du zinegotziak. Guztira, 3.000 ale inprimatu ditu udalak.