EAJren botoekin onartu da 2022. urteko udal aurrekontua
Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk kontrako botoa eman dute; 24 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du Hondarribiak 2022an.
Ezohiko bilkura egin du gaur goizean Hondarribiko Udalbatzak. 2022. urteko udal aurrekontua izan da aztergaian bildutako punturik garrantzitsuena. 24.363.525 euroko aurrekontua onartu du udalbatzak EAJren gobernu taldearen bederatzi botoekin. Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk osatutako oposizioak ezezkoa eman dio proposamenari.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak aurrekontu proposamenaren nondik norakoak azaldu ditu lehenbizi. Dokumentuaren ildo nagusiak eta hainbat egitasmo aurkeztu ondotik, oposizioko taldeei eman die hitza.
Abotsanitzek hitz egin du ondoren. Osoko zuzenketa aurkeztu dio proposamenari, haien iritziz ez baitio “herriaren beharrei erantzuten”. 2021eko aurrekontuarekin alderatuta “murrizketa” paiaratu duela adierazi du Igor Enparan bozeramaileak, eta departamentu eta diru sailen arabera izandako jaitsierak zerrendatu ditu.
Xabier Isasi EH Bilduren bozeramaileak Abotsanitzek aurkeztutako “argudioak” eta “planteamenduak” hein handi batean partekatzen dituztela azaldu du, baina osoko zuzenketaren aurrean abstentziora joko zutela erantsi. PSE-EEren Iosu Alvarez bozeramaileak ez du interbentziorik egin nahi izan.
Maria Serrano alkateorde eta zinegotziak “giroa nahastea” eta akusazioak “ziurgabetasunik gabe” egitea leporatu dio Abotsanitzi. Erantsi duenez, aurrekontua “joan den urtekoa baino txikagoa da”, baina 2020koarekin alderatuta, “2 milioi euroan handitu dugu”.
Osoko zuzenketak ez du aurrera egin, EH Bildu eta PSE-EEk abstentziora jo eta EAJk aurka bozkatu baitu.
Zuzenketa partzialak
Eztabaidak aurrera egin du eta alderdi sozialistaren txanda iritsi da. 31 zuzenketa aurkeztu dituztela zehaztu du Alvarezek, eta horien artean soilik hiru 0nartu dituela gobernu taldeak deitoratu du.
Abotsanitzeko Estitxu Urtizbereak ez ditu haren alderdiak aurkeztutako 115 zuzenketak irakurri, baina Berdintasun Sailaren eraketa eta teknikariaren kontratazioa, migrazioa, eta adineko pertsonen egoera nabarmendu ditu. Era berean, Hondarribia “errenta altuen hiria” bihurtzen ari dela salatu du, eta “herritik alde egin dutenak” edo ahalmen ekonomiko txikiagatik “ikusezinak” bihurtu direnak gogoan izan ditu. Denera, lau zuzenketa onartu dizkio EAJk herri batzarrari.
Azkenik, Xabier Bengoetxea EH Bilduko zinegotziak hartu du hitza. Aurkeztutako zuzenketen artean, besteak beste, alardeari buruzko azterketa, Berdintasun sailaren eraketa eta teknikariaren kontratazioa, alokairurako diru laguntzak… izan ditu hizpide. Horien artean, bi emendakinek aurrera egitea lortu dute bilkideek.
Oposizioa osatzen duten udal taldeek, oro-har, zuzenketen “izpiritua” partekatu eta alde bozkatu duten arren, EAJk gehiengoa baliatu du horiek bertan behera uzteko. Sagarzazuk adierazi duenez, zuzenketa guztiek 17 milioi euroko aurrekontua gehitzen zuten, eta hortaz, gobernu taldeak landutakoak albo batera utzi behar ote zituzten galdetu dio oposizioari. Hala, herriaren “onurarako” egindako lana eskertu die alkateak gainontzeko udal taldeei.
Udal gobernuaren proposamena
EAJk ekoitzitako proposamena bozkatzeko txanda iritsi da ondoren. EH Bilduk “kontserbadore” eta “kontinuista” iritzi dio aurrekontuari, eta exekuzio maila “baxuak” kezka eragiten duela erantsi du Bengoetxeak: “Horrela puzten da udal altxortegia”. Zinegotziak berretsi duenez, “Berdintasun saila eta teknikaria hor egon ezean nekez egingo dugu alde”.
Aurrekontua exekutatzeko “gaitasun ezaz” ere mintzatu da PSE-EEko Noemi Odriozola zinegotzia, eta kezkaz hitz egin du proposamenaren inguruan: “Ez da hiriak behar duena”.
Enparanen txanda iritsi da ondoren, eta “murriztaileak” diren aurrekontuak “hedakor” gisa saltzea egotzi dio EAJri. Are: “2009ko aurrekontua handiena izan zen, eta orain, 12 urte geroago, milioi bat gutxiagoko proposamena aurkezten zaigu”. Gipuzkoako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Hondarribiak biztanle bakoitzeko aurrekontu txikiagoa duela arguditu du, halaber, bozeramaileak.
Sagarzazuk bere alderdiaren proposamena defendatu du, eta hamazazpi zinegotzietatik bederatzi jeltzaleak direla gogoratu die oposizioko kideei. Lau ardatz estrategikoak gogoan izan ditu agintariak, eta herritarren “lagun” izan nahi dutela erantsi du.
Iaz bezala, EAJko hautetsien botoek onartu dute 2022ko aurrekontu proposamena. Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk aurka egin dute.