PSE-EE: «2022ko aurrekontu proiektua ez da hiri honek behar duena»
Aurkeztutako 31 zuzenketetatik lau baino ez dituela onartu EAJren gobernu taldeak deitoratu dute Hondarribiko sozialistek.
«2022ko aurrekontu proiektua ez da hiri honek behar duena», adierazi du gaur ohar baten bitartez Hondarribiko PSE-EEren udal taldeak. Aurkeztutako 31 zuzenketetatik EAJren udal gobernuak lau besterik ez dituela onartu deitoratu dute sozialistek. Guztira, 84.780 euroko aurrekontua dute lau emendakin horiek.
Jeltzaleen jarrerari «adar jotzea» iritzi dio, halaber, PSE-EEren udal taldeak. Zentzu horretan, adosteko «borondate eza» leporatu dio tokiko gobernuari, eta beraz, biharko osoko bilkuran aurkako botoa emango dutela aurreratu dute: «Ez da hiri honek behar duena. COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko azaleko aurrekontuak dira, eta aurrera egiteko aurrekontuak behar ditugu».
Iosu Alvarez bozeramaileak argudiatu duenez, EAJk ez du «enpleguaren sortzearen» eta «industria indarberritzearen» aldeko apusturik egiten. Gainera, bertan jasotakoa kudeatzeko «gaitasun falta» egotzi dio bozeramaileak udal gobernuari: «EAJren gobernatzeko modua ikusita, egiaztatu da udal bat zuzentzeko ez dela gehiengoa bakarrik behar, aurrekontuak kudeatzeko eta proiektuak bultzatzeko gaitasuna ere behar dela baizik». Aurtengo aurrekontuari erreferentzia eginez egin ditu adierazpenak Alvarezek, soilik %67 gauzatu dela adierazi baitu.
Hori horrela, EAJk zehaztutako hainbat diru partida aurtengo aurrekontuan exekutatu gabe geratu direnak direla salatu du sozialistak. Emandako datuen arabera, inbertsio kapitulua 2.648.000 eurokoa den arren, 1.766.000 euro, alegia, aurrekontuaren %66, 2021eko ekitaldian jasotzen ziren; Gizarte Zerbitzuen departamentuaren kasuan ere, energia gastuetarako eta Gizarte Larrialdi Laguntzetara bideratutako %60 ez da exekutatu (582.000 eurotik 234.144 euroko gastua baimendu da); eta ostalaritza eta hotelei zuzendutako diru laguntzen %75a ez dela gauzatu (422.850 eurotik 105.000 euro banatu direla soilik) erantsi du Alvarezek. Hori dela eta, aurrekontua «eraginkortasunez» gastatzera deitu du PSE-EEk udal gobernua.
Ondokoak dira sozialisten 31 zuzenketak:
HIRIGINTZA
- Arkoll auzoko saneamendua 150.000 euro.
- Lau haizeren proiektua, argiteria, 15.000 argiteria euro.
- Mugondorako alternatiben azterketa 50.000 euro.
- Santa Engrazia errekaren Plan Berezia. Jarduketak aztertzea. 18.780 euro.
- Estropadetako klapetak birgaitzeko plana 10.000 euro.
- Baranda berria Santa Engrazia errekastoaren gaineko zubietan. Amuteren antzekoa. 150.000 euro.
- Erreginaren baluartean esku hartzea, bertan behera utzitako espazioa egokitzeko. 9.000 euro.
- San Markos parkean esku-hartzea. 50.000 euro.
- Bankuak eta argiak ordezkatzea Apezpiku plazan. 20.000 euro.
- Haur parke baten kulunka egokitua eta estalia. 120.000 euro.
- Iturriak hainbat eremutan jartzea, txakurrentzako isurbidearekin. 5.000 euro.
- Txakurrentzako bi eremu, beren beharrak egin ditzaten. 20.000 euro.
MUGIKORTASUNA
- Garraio publikoa, hiri-autobusa, plegua idaztea, 25.000 euro.
- Aparkatzeko aukera ezberdinak aztertzea (Donostia kalea, Zezen plaza, Damarri, Javier Ugarte, Aireportua, Soroeta, etab) 150.000 euro.
- Autobus turistikoentzako aparkalekua egokitzea. 7.000 euro.
- Donostia kalea eta Portua lotuko dituen igogailu baten proiektua enkargatzea. 12.000 euro.
ETXEBIZITZA
- Muliateko oruberako udal-jabetzako Plan Partzial bat enkargatzea alokairuko zuzkiduretarako, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin lankidetzan 25.000 euro.
- Gizarte-larrialdietarako etxebizitza bat erostea 140.000 euro.
- Gazteentzako alokairurako laguntzak 150.000 euro.
- Etxebizitzak birgaitzea 150.000 euro.
BESTELAKOAK
- Bidasoa-Oarso-Industrialdearekin bat egitea 3.000.000 euro.
- Eguzki plakak instalatuz, energia-komunitateei dagokienez aldundiak dituen programekin bat egiteko programa. 18.780 euro.
- Tikete Bai-rako diru laguntzetarako partida, 50.000 euro.
- Familiei laguntza ematea Hondarribiko saltokietan eskola materiala erosteko, 50.000 euro.
- Amuteko lokala erostea, 300.000 euro.
- Alde Zaharrean lokal bat erostea, erakusketa-areto bat jartzeko, 50.000 euro.
- Herritarrei arreta emateko langileak kontratatzea, 100.000 euro.
- Udalaren jabetzei buruzko inbentarioa, bai lurzoruarena, bai etxebizitza publikorako eraikinena, 15.000 euro.
- Goiko Errota lehiaketarako oinarriak eta lizitazioa idaztea, 20.000 euro.
- Udal bulego guztiak eta beste zerbitzu publiko batzuk piktogramekin seinaleztatzeko programa, bai eta kaleak, plazak, parkeak eta semaforoak ere, autismoa duten pertsonei eta beste batzuei arreta emateko, 20.000 euro.
- 1900 eta 1945 bitarteko Alkatetzaren gutuneria digitalizatzea, 18.000 euro.