Valvulas Zubi enpresako langileek greban jarraitzen dute
Orain dela hiru aste hasitako greba egunekin jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi du ELA sindikatuak, "enpresak hitzarmena berritu dezan".
Irungo Valvulas Zubi enpresako langileek greba egun gehiagorekin jarraituko dutela jakinarazi berri du ELA sindikatuak, “enpresak hitzarmena berritzeko borrokan jarraitzea” da euren asmoa. Beraz, orain dela hiru aste antolatutako greba egunekin jarraituko dute.
Enpresak negoziatzeko asmorik ez duela salatu du ELAk ohar batean. “Langileek batzarrean erabaki zuten grebara jotzea zela enpresa hitzarmena berritzeko zuten aukera bakarra”, esan dute.
Sindikatutik gaineratu dutenez, COVID-19aren pandemiak sortutako “krisitik kanpo geratu den enpresa” da Valvulas Zubi, “lanean normaltasunez aritu dena” eta azken hiru urteetan 2 milioi euroko irabaziak izan dituena.
Horregatik, honako eskaerak egin dizkiote langileek enpresari: KPI + 0,75a aplikatzea, gaixotasun bajak %100ean kubritzea eta kategorien igoera ezartzea.