[Bideoa] 'Summer of Soul' eta musika film laburren jaialdia, Amuaren hurrengo proposamenak
Harlemeko Kultur Festibala edo 'Woodstock beltza' ezizenez ezaguna egin zen jaialdiaren inguruko lana da 'Summer of Soul'. Amua In-Edit musika film laburren jaialdia abenduaren 3tik 5era egingo dute.
Summer of Soul musika dokumentala aurkeztu dute gaur goizean Amua elkarteko arduradun Ernesto Toledok eta Hondarribiko Udaleko Kultur zinegotzi Juan Luis Silanesek. Hilaren 13an proiektatuko dute Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan, eta 4 euroren truke eskura ditzakete sarrerak interesdunek. Amua In-Edit musika film laburren jaialdiaren aurrerapen txikia egiteko ere baliatu dute agerraldia bi arduradunek.
“Urte bukaera polita datorkigu Amua elkartearen eta udalaren arteko elkarlanetik”, adierazi du Silanesek. Hautetsiak iragarri duenez, “publiko ezberdin” bati zuzendutako “eduki ezberdinak” izango dira urtea amaitu bitartean eskainitakoak.
Toledok bere aldetik azaldu duenez, Summer of Soul dokumentala 2021. urtean aurkeztutako ikus-entzunezkoa da. Woodstock beltza ezizenez ezaguna zen Harlemeko Kultur Festibalaren irudiak, emanaldiak eta gertaerak biltzen ditu lanak. “Ahmir Thompson Questlove The Roots taldeko bateria jotzaileak Harlemeko Kultur Festibalaren zintak New Yorkeko ganbara batean aurkitu zituen”, jarraitu du Toledok, “beltzei zuzendutako jaialdia zen, eta liskarrak izan ziren urteko grabazioak dira”.
Koloretan eta bereizmen handian ekoitzitako lana da, eta Stevie Wonder, Nina Simone, The Supremes eta garaiko beste hainbat talderen emanaldiak biltzen ditu. Areago, inoiz proiektatu ez diren irudiak direla erantsi du Toledok. Zehaztu duenez, AEBtako beltzen eskubideen aldeko borrokaren osagaia du dokumentalak: “Musika, eta gizarte zein arraza borrokak uztartzen ditu”.
Azkenik, 2021ean “gehien” saritutako lana dela ere esan du Amuako arduradunak: “Searching For Sugar Man dokumentalaren parekoa”. Radio3-eko Los Ultrasónicos eta Hoy empieza todo irratsaioetako gidari Jesus Bombinek egingo du emanaldiaren online aurkezpena. Ondokoa da aurrerapena:
Amua In-Edit
Musika film laburren Amua In-Edit lehiaketaren lehen ekitaldiaren aurrerapen laburra egin dute, halaber, Silanesek eta Toledok. Abenduaren 3tik 5era izango da, eta urtero data horien inguruan egitea aurreikusi dute. Kultura zinegotziak argitu duenez, ez da soilik musika zinemaren ingurukoa izango: “Irratsaioak, biniloarekin lotutako jarduerak eta bestelako ekitaldiak ere egongo dira”.
In-Edit Musika Dokumental Zinemaren Nazioarteko Jaialdiarekin sinatutako hitzarmena “oso garrantzitsutzat” jo du, bestalde, Toledok: “Europako eta ia mundu mailako musika film luzeen jaialdirik garrantzitsuena da. Uneotan, Bartzelonan ematen ari dira prentsaurrekoa, gure aurkezpenarekin batera. In-Edit galaxiaren barruan ere oso garrantzitsua da mundu mailan egindako jaialdi ezberdinez gain, musika film laburren festibala eskainiko dugun bakarrak izango garelako. Hortaz, nazioarteko proiekzioa emango digu aurrerantzean In-Editekin sinatutako akordioak”.
Hori horrela, La Ruina podkastak zuzenekoa eskainiko duela jaialdiaren barruan ere ezagutarazi dute. 50.000 jarraitzaile ditu programak, eta Madrilen, Bartzelonan, Bilbon… grabatu dituztela emanaldiak azaldu du Toledok. Ildo horretan, asebete agertu da saioa Hondarribian ekoitzi behar izanagatik. Bihar bertan salgai jarriko dituzte emanaldirako sarrerak, eta festibalaren barruan ordainpeko ekitaldi bakarra izango dela ziurtatu dute. Bukatzeko, podkastaren ezaugarrietako bat da publikoak parte har dezakeela emanaldian. Horretarako, baina, izena ematea ezinbestekoa izango da. Bihar, sarreren salmentarekin batera abiatuko duten Amua In-Edit webgune bereziaren bitartez egin ahalko dute interesdunek.