El Pinar parkingean aparkatzeko prezioak mantenduko dituzte 2022an
Datorren urtean izoztu egingo dituzte aparkalekuko plazak erabiltzeko prezio bereziak. Aurten bezalaxe, hilean 30 edo 60 euro ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, 2022an izoztu egingo dituzte El Pinar parkingeko plazak erabiltzeko ezarritako prezio bereziak. Beraz, mantendu egingo dituzte abonamendu horiek. Udalaren arabera eskaintza horrek “arrakasta handia” izan du Hondarribia kalea berrurbanizatzeko obretan formula hori abiatu zutenetik.
Eskaintza honetan irundarrek lehentasuna izango dute oraingoan ere; egun, hilean 30 euro ordainduta erabil ditzakete aparkalekuko 235 plazak -2 eta -3 solairuetan, eta 60 euro -1 solairuan. Datorren urtean ere hori ordaindu beharko dute erabiltzaileek.
Egun bederatzi toki baino ez dira geratzen erabilgarri. Horietako bat eskuratzeko interesa dutenek 943 505 720 telefono zenbakira deitu beharko dute.
San Juan
San Juan plazako aparkalekuak ere okupazio maila handia duela jakinarazi du udalak, soilik 13 geratzen dira libre.