Artisauen azoka egingo dute, Igandero egitasmoari esker
Igande honetan ere (hilak 7) Kolon pasealekua oinezkoentzako eta txirrindularientzako moztuko dutela probestuz azoka egitea erabaki du udalak, Eskuz-lan elkartearen egitasmoz.
Igande honetan (hilak 7) Kolon pasealekua eta ingurua jarduerez beteko du udalak, Igandero egitasmoaren beste hitzordu bati esker. Oinezkoentzako eta txirrindularientzako moztuko dute errepidea, eta hori probestuz, artisauen azoka bat egitea erabaki du udalak. Hala, 11:00etatik aurrera Eskuz-lan elkartearen eskutik, askotariko produktuekin egingo dute topo bertaratutakoek: oihalak, artea eta birziklapena, joskintzako artikuluak, serigrafiak, euskal jantziak…
Azokan bertan ere zenbait panel jarriko dituzte erakusketa modura. Eta berritasun gisa, igande honetan Gipuzkoako Diabetes Elkarteak postu bat jarriko du, herritarrei informazioa emateko.
Udalak aurreratu duenez, ordu aldaketa dela eta, goizez soilik moztuko dute Kolon pasealekua, 10:00etatik 15:00etara.