Portua proiektua aztertuko du bihar Mugikortasun Mahaiak
Hainbat gairen artean Porturako aurreikusitako aldaketak jorratuko ditu Mugikortasun Mahaiak; Itsas Etxea Auditoriumean egingo dute bilera.
Bihar bilduko da Mugikortasun Mahaia, Hondarribiko Udalak oroitarazi duenez. Itsas Etxea Auditoriumean izango da bilkura, 18:30ean. Hainbat gairen artean, Portua izenpeko proiektua jorratuko du mahaiak.
Gogoratzekoa da Porturako mugikortasun proiektu pilotua abiatu zuela udal gobernuak iraila bukaeran. Ibilgailuen sarbidea eta bizikleten trafikoa arautzen du egitasmoak, baina herritarrek eta Amuitz merkatarien elkarteak agertutako desadostasunak medio neurrien ezarpena atzeratzea erabaki zuen jeltzaleen tokiko gobernuak. Balazta bizikletaren aldeko elkarteak «kontraesankorra» iritzi zion proiektuari, eta Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEren udal taldeek argibideak galdegin zizkioten EAJren gobernu taldeari.