Ia milioi erdi euro inbertituko dituzte oinezkoen mugikortasuna hobetzeko
Obra sailak zazpi puntu identifikatu ditu Irunen. Guztira, 434.470,34 euroko inbertsioa egingo dute.
Ia milioi erdi euro inbertituko ditu udalak “hiriko oinezkoen mugikortasuna hobetzeko” asmoz. Aurreko astean onetsi zuten kanpaina, “hobetu beharreko puntuetan lanak egiteko”, eta oraingo honek 434.470,34 euroko aurrekontua izango duela aurreratu dute. “Egunerokotasunean auzotarrentzat funtsezkoak izan daitezkeen jarduketez ari gara: espaloi zabalago bat izatea, zebrabide batean semaforoa jartzea edo argiztapena hobetzea. Gainera, herritarren eskaerei erantzuteko kanpaina da”, esan du Cristina Laborda ordezkariak.
Udalak gabeziaren bat duten zazpi puntu identifikatu ditu Irunen, ondorengo guneetan egingo dituzte lanak:
- Berroeta margolaria kalea: hasierako zatian, Artiga ibilbidearen eta Zurbaran kalearen bidegurutzeetn espaloiak ez dira behar bezain zabalak. Alde batetik Berroeta margolariaren kaleko bi espaloietan esku hartuko dute, eta bestetik, Artiga ibilbideko espaloian.
- Teodoro Murua (5-11): Bi zenbaki horien arteko espaloia bi metrora arte zabalduko dute, gutxienez, nahikoa zabalera ez duen bide zati osoan.
- Juan de Albisu kalea: Zabaltza plazaren eta Vicente Laffite kalearen arteko oinezkoen espaloia bi metrora arte zabalduko dute eta kalearen argiztapena ere hobetuko dute.
- Alzukaitz kalea-Toki Alai H.H.: Espaloia zabalduko dute eskolako autobusak iristen direnean espaloia estuegi geratzen baita. Ertzak jartzean 4,50 metro libre izango dituzten zeharkako aparkatzeko tokiak sortuko dituzte, eta gainerakoa espaloirako utziko dute.
- Uranzu kalea (51-55): Zenbaki horien artean zoladura berrituko dute.
- Errotaren errepideko zubia: Elizatxo hiribidea eta Letxunborro hiribidea lotzen dituen errepideko espaloia zabalduko dute, ezkerrekoa, Letxunborrorako bidean, “oinezkoen segurtasun eta irisgarritasuna hobetzeko” asmoz.
- Zebrabide semaforoduna Letxunborro hiribidean: Zebrabideetan segurtasuna hobetzeko asmoz zebrabide semaforodun bat instalatuko dute, Ibis hotelaren ondoan.
Lan hauekin batera, Jaitzubia hiribideko oinezkoentzako espaloia handitzeko obrak ere egingo dituztela aurreratu du Obra sailak. Zenbait lan egingo dituzte 300 metroko bidean, seinaleak eta balizak jarri eta argiteria hobetuta.