Madrilgo ahots gazteak, Hondarribiko parrokian
Coro de Jóvenes de Madrid abesbatzak kontzertua emango du gaur alde zaharreko parrokian. Errepertorioan Euskal Herriko sortzaileen abestiak daude.

Coro de Jóvenes de Madrid abesbatzak kontzertua emango du gaur (ostirala) Hondarribiko alde zaharreko parrokian, 19:00etan hasita. Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartuko du Madrilgo ahots gazteen koruak, eta herrian geldialdia egingo du lehiarako berotzeko.
40 bat partaidek osatzen duten korua (23 emakume eta 17 gizon) Juan Pablo de Juanek zuzentzen du, eta 2014an sortu zuten arren, jada ibilbide oparoko abesbatza da, Europan hainbat sari irabazitakoa.
Gaurkorako prestatu duten errepertorioari dagokionez, lehen zatian nazioarteko konpositoreen abestiak interpretatuko dituzte. Bigarrenean, berriz, Euskal Herriko sortzaileei egingo diete keinua, besteak beste Aita Donostiaren, Jesus Guridiren, Xabier Sarasolaren edo Josu Elberdinen konposizioak izango dituztelako abesteko.
Eskifaia abesbatzak antolatu du kontzertua, udalaren eta parrokiaren laguntzarekin.