Hondarribiko 49 saltoki, bonuen kanpaina berrian
Saltoki horietan 25.000 bonu izango dituzte eskuragarri: 30 euroko erosketa egiteagatik, 10eko deskontua izango dute txartelen jabeek.
Hondarribiko merkataritza sustatzeko bigarren bonuen kanpaina abian da. Bi zatitan banatu dute kanpaina, epeei dagokienez: abenduaren 5era artekoa da lehena, eta 2022ko urtarrilaren 10etik martxoaren 31ra arte bigarrena (etena izango du Gabonetan, sektoreko dendekin hala hitzartuta). Herriko 49 establezimenduk bat egin dute egitasmoarekin: horietan gutxienez 30 euroko erosketa eginez gero, bonuak erabiltzen dituztenek 10 euroko deskontua izango dute. Orotara 25.000 bonu banatuko dituzte hondarribiarren artean, eta dendetan lor daitezke. 16 urtetik gorakoentzako dago bideratua kanpaina.
Gaur eman dute egitasmoaren berri Txomin Sagarzazu alkateak, Maria Serrano Merkataritza eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok. Parte hartuko duten hainbat establezimendu bisitatu dituzte aldi berean. Hondarribiko egitasmoa, Jaurlaritzak abian duen Euskadi Bonodenda proiektuaren barruan dago.
Sagarzazuk nabarmendu du udalak 200.000 euro bideratu dituela egitasmorako. Datuen zehaztasunetara joz, tokiko ekonomia indartzeko jardueraren barruko 49 komertzioei, 500na bonu emango dizkietela jakinarazi du. Iaz antzerako kanpaina egin zuten, eta orduko hartan udalak 150.000 euroko ekarpena egin zuen. “Kanpaina honek sortzen duen salerosketa dinamika eta herri bizitza oso garrantzitsuak dira guretzat. Ondo baloratua dago bai dendari eta bezeroen aldetik. Pozik egoteko modukoa da”, adierazi du Sagarzazuk. Hurtadok, bere aldetik, Hondarribiko Udalak bertako komertzioaren alde egiten ari den lana goraipatu du: “Lehen kanpainak oso emaitza onak izan zituen, eta ziur hau ere halakoa izango dela”.
Aldi berean alkateak oroitarazi du Hondarribia Zu Zara kanpaina ere martxan dela, eta Gabonetara begirako beste bat lantzen ari direla, herriko merkatariekin elkarlanean.