"Familian euskaraz gozatzeko" jarduera gehiago antolatu ditu udalak
Azarorako hainbat tailer antolatu dituzte Familia Ola programaren barruan, "euskararen transmisioa familian sustatzen jarraitzeko" asmoz.
Familia Ola programaren barruan azarorako zenbait proposamen egin ditu Irungo Udaleko Euskara sailak, “euskararen transmisioa sustatzen jarraitzeko” asmoz. 2-8 urte bitartean dituzten haurren familiei tailer ugari eskainiko dizkiete datorren hilean, zehazki, familia euskaldunei eta hizkuntza ondo jakin baina euskararen erabilera sustatu nahi duten guztiei.
Familien artean euskararen erabilera sustatzeko programa hau “ezinbestekoa” dela uste du Miren Etxebeste ordezkariak, “euskara neska-mutilen artean sustatzen bada ere, funtsezkoa baita era berean familietan ere hizkuntza bultzatzea”.
Ondorengoa da programa:
- Azaroak 23 eta 25: Itsasoan murgilduta astea tailerra eskainiko dute, itsasoan ikus daitezkeen animalien eta bizidunen eskulan tailerra izango da. 17:30ean hasiko dute.
- Azaroak 27: Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriara bisita gidatua, goizez.
- Azaroak 30eta abenduak 2: Euskarazko jolas kooperatiboak, talde jolasak edota familian aritzeko jolasak ezagutzeko eta ikasteko tailerra eskainiko dute 17:30etik aurrera.