Alkateak positiboki baloratu ditu hirugarren harian emandako azken urratsak
ADIFek Irun eta Astigarraga arteko trenbidea egokitzeko esleitzeke zeuden obrak adjudikatu berri ditu. Obra horiek Irungo tren loturak berreskuratzeko "ezinbestekoak" izango direla dio alkateak.
Jose Antonio Santano alkatea pozik agertu da Irun eta Astigarraga arteko hirugarren hariaren obren adjudikazioarekin. Gaur bertan jakinarazi du ADIFek bi udalerrien arteko trenbidea egokitzeko esleitze zeuden lanak esleitu dituela.
“Zalantzarik gabe, albiste ona da, eta denbora bat generaman haren zain. Obra hori guztiz egitea ezinbestekoa da Irungo tren loturak lehenbailehen berreskuratzeko. Baina lan horiek, gainera, ezinbestekoak dira AHTaren Gipuzkoako ibilbidea osatzeko, Iruneraino, eta ADIF gure hirian prestatzen ari den nazioarteko geltokirako”.
Gaintxurizketako lanak hiru urtez etenda egon dira, obra egiten ari zen enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zenean, eta eragin handia izan du geldialdi horrek Irungo tren loturetan. Gelditutako obra horretan burdinbidea egokitzen ari ziren, AHTa Iruneraino heltzeko.
Geldialdi hartatik alkateak bilera ugari izan ditu Renfeko arduradunekin, tren bidezko loturak hobetzeko eskatzeko. Auzo elkarteek eta zenbait plataformek maiz egin dute eskaera hori.