Led Silhouette konpainiak 'Lys' dantzaldia eskainiko du igandean
Martxel Rodriguezen eta Jon Lopezen zuzendaritzapean, Laura Lliteras, Katalin Arana eta Marina Fullana interpreteak ariko dira oholtza gainean.
Lys izenburupeko dantzaldia eskainiko du Led Silhouette konpainiak igandean, Itsas Etxea Auditoriumean (19:00). Martxel Rodriguezen eta Jon Lopezen zuzendaritzapean, Laura Lliteras, Katalin Arana eta Marina Fullana interpreteak oholtza gainean ikusteko aukera izango dute interesdunek. Led Silhouette konpainiaren sortzaile eta zuzendariak dira Rodriguez eta Lopez, eta Lesakan (Nafarroa) dute finkatuta taldearen egoitza. Dantzaldia ikusteko interesa duten lagunek, ohiko bideetan eskura ditzakete sarrerak, 2 euroan.
Horrela dio sinopsiak: “Emozioen adierazpenaren kontrola umeak ikasi beharreko lehenengo ikasgaietako bat da. Gizonak negarra erreprimitu behar du, ezin du gehiegizko maitasun adierazpenik egin jendaurrean, menderatzailea izan beharra da eta batzuetan baita mespretxagarria ere. Laburbilduz, indartsua izan behar du, pertsona hauskor eta ahuletatik urrunduz, maiz iseken jopuntua direnengandik bereiziz. Begiratzen ez gaituztenean eta behatuak sentitzen ez garenean, eroso sentitzen gara eta gure zaurgarritasuna azaleratzen da, konfiantzazko pertsonen aurrean garen bezalakoak agertzen gara eta gure ahalke afektibo nahiz fisikoetatik askatzen gara”.