'Kontrola ez da maitasuna' kanpaina abiatuko du udalak azaroan
Indarkeria matxistaren sentsibilizaziorako kanpainaren bigarren fasea hasiko dute aurki. Bikotekideen arteko harremanetako eguneroko jarrera negatiboak agerian jarri nahi dituzte, "errazago hautemateko eta horien kontra egiteko".
Irungo Udalak indarkeria matxistaren gaineko sentsibilizaziorako abiatutako kanpainarekin jarraituko du, ekainean eta uztailean lehen egitasmoak egin ostean. Oraingo honetan, azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira, kanpaina indartzea erabaki du Berdintasun sailak, hala jakinarazi du Miren Etxebeste saileko ordezkariak.
“Guztiz beharrezkoa iruditzen zaigu genero indarkeria ikusaraztea eta haren forma guztiak desagerrarazteko lanean jarraitzea. Oraingo honetan, eguneroko egoeretan jarri nahi dugu arreta, hala nola lagunen edo bikotekideen arteko harremanetan. Egunero-egunero gertatzen diren egoerak dira, eta pertsona guztien bizitzan daude presente”, esan du. Kanpainak, gainera, izaera hezitzailea izango duela gaineratu du, “eskoletan banatuko diren
materialei esker”.
Kanpaina Imago agentzia irundarrarekin batera diseinatu dute, eta Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunetik jasotako diruarekin finantzatuko du udalak.
Bada, bigarren fasea azaroaren 2tik 30era bitarte luzatuko dute, eta kalean “presentzia handiagoa” izango duela azaldu du Etxebestek. Kontrola ez da maitasuna kanpainaren banderak jarriko dituzte hiritik, puntu morea ere egongo da eta kartelak jarriko dituzte dendetan. Esku orriak ere banatuko dituzte udal instalazioetan eta DBH eta DBHOko ikastetxeetan.
Kontrola ez da maitasuna kanpainak bikotekideen arteko harremanetako eguneroko jarrera negatiboak agerian jarri nahi ditu, “errazago hautemateko eta horien kontra egiteko”.