Bisita bereziak Irunen Ondarearen Europako Jardunaldien harira
Datozen egunetarako Oiasso museoa eta Gordailua gertutik ezagutzeko bisitak antolatu dituzte, "ondare kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakontzeko" asmoz.
Ondarearen Europako Jardunaldien barruan bisita bereziak antolatu dituzte Irunen. Oiasso erromatar museoa eta Gordailua gertutik ezagutzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei, Guztion ondarea, denok parte! lelopean abiatu duten programaren barruan. Aldundiaren arabera, programak “ondare kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakondu nahi” du, eta lurraldeko 31 udalerritan egingo dute, azaoaren 2ra bitarte.
Bada, ostiralerako (hilak 29) Oiasson bisita gidatua antolatu dute, goizez. Lau euro ordaindu beharko dituzte interesdunek. Saioa euskaraz izango dela aurreratu dute antolatzaileek. 10:30ean hasiko dute.
Bestalde, ostiralean ere Gordailua bisitatzeko txangoa egingo dute, 18:15an. Izen emateak 943 555 520 telefono zenbakira deituta egin beharko dira. Ez da dirurik ordaindu beharko.
Bisita gidatuekin amaitzeko, oraingo honetan Oiasson ere bai, teknologia berrien laguntzarekin bisita berezia eskainiko dute larunbatean (hilak 30), 11:00etatik aurrera. 5,50 euro ordaindu beharko dira.