Pikoketan fusilatutako hamahiru gazteei omenaldi berezia egin diete
1936ko abuztuaren 11n frankistek fusilatutakoak gogoratu zituzten atzo. Omenaldi hunkigarria izan zen, fusilatutako gazte batzuen senideak bertan izan baitziren.
Urtero bezala, 1936ko abuztuan Pikoketan fusilatutako hamahiru gazteei omenaldi berezia egin zieten. Omenaldi hunkigarria izan da aurtengoa, fusilatutako gazte batzuen senideak bertan izan baitziren. Lore eskaintza bat egin zuten, Eusko Gudariak, Riegoren Ereserkia eta Internazionalaren doinuek lagunduta.
“Aurten ere bai, beste asko bezala erail eta hobi komunetan lurperatu zituzten pertsona hauek omendu ditugu. Milaka dira estatu osoko bide bazterretan lurperatuta jarraitzen duten antifaxistak. Egun haietan faxismoaren aurka borrokatzen eta askatasuna defendatzen ari ziren lagun guztiak gogoratu nahi ditugu”, esan zuten atzoko ekitaldian Nicolas Gerendiain elkarte errepublikanoko kideek.
1978ko amnistia legea deuseztatzea eta estatuak hobi komunetatik gorpuak ateratzeko erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu zuten atzokoan. Horri lotuta, frankismoarekin lotutako erakunde guztiak legez kanpo uzteko eta estatu kolpearen osteko jarduketa, epaitegi eta lege guztiak eta horien epaiak bertan behera uzteko eskaera ere egin zuten.
Ondorengoak dira 1936ko abuztuaren 11n Pikoketan fusilatutakoak: Mertxe Lopez Cotarelo (17 urte), Pilar Valles Vicuña (17 urte), Jose Maria Arruti Idiakez (18 urte), Victor Genua Montiano (25 urte), Jesus Lopez Casado (26 urte), Agapito Dominguez Taguada (23 urte), Bernardo Usabiaga Jauregui (18 urte), Manuel Justo Alberdi (22 urte), Vicente Argote (47 urte), Agustin Miguel Bermejo (39 urte), Felix Luz Etxeberria (27 urte), Angel Braña Lopez (27 urte) eta Miguel Jacinto Lopez Martinez (49 urte).