2022ko zergak eta ordenantza fiskalak «izoztuko» ditu EAJren gobernu taldeak
Zerga eta ordenantza fiskalen araudian aldaketarik ez dela egongo ezagutarazi du Txomin Sagarzazuk. Udalbatzak, bestalde, Migraziorako Euskal Itun Sozialera atxikitzea bozkatuko du.
2022. urteko zergak, tasak eta ordenantza fiskalak «izoztea», «ez igotzea» edo «bere horretan mantentzea» erabaki EAJren udal gobernuak, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak gaur ezagutarazi duenez. Ostegunean (hilak 25) bilduko da Hondarribiko Udalbatza, eta aztergaian dauden puntuen eta ez daudenen inguruan informatzeko agerraldia egin dute gaur goizean alkateak eta Gotzone Larrarte Lankidetza zinegotziak, udaletxeko areto nagusian eskainitako prentsa aurrekoan.
Sagarzazuk azaldu duenez, erabakia indarrean dagoen araudiarekin bat datorrenez ez da aldaketarik behar, eta beraz, «horregatik ez dugu ekarriko udalbatzara». Erabakia «hainbat arrazoiengatik» hartu dutela adierazi du Sagarzazuk, eta horien artean, hiru aipatu ditu: batetik, jarduera ekonomikoak hobera egin arren, jende askok denbora beharko duelako pandemia aurreko egoerara bueltatzeko; bestetik, oinarrizko baliabideetan izandako prezio igoerek «eragin ekonomikoa» izaten ari direlako; eta azkenik, udalaren egoera ekonomikoak horretarako «aukera» ematen duelako. Bederatzigarren urtez izoztuko ditu tasak udalak.
Migrazioa eta mozioak
Migraziorako Euskal Itun Soziala izango da ostegunean bilduko den udalbatzak aztertu eta eztabaidatuko duen puntuetako bat. Jaso nahiko genukeena eskaintzea izenburupean, migratzaileen eskubideen eta elkarbizitzaren aldeko hamar puntu biltzen ditu adierazpenak. Ituna udaletara zabaldu nahi dute, eta era horretan, abenduaren 18ko Migratzaileen Nazioarteko Egunarekin bat egitea da asmoa. Atxikitzen diren udal guztietan ekitaldiak antolatuko dituzte sinatzaileek. Zinegotziak erantsi duenez, batzordeak aho batez onartu zuen proposamena, eta beraz, udalbatzarrera eramatea da hurrengo pausua.
Bestalde, Sagarzazuk aurreratu duenez, EH Bilduren udal taldeak bi mozio aurkeztu ditu, eta Abotsanitz Herri Batzarrak, hiru. Koalizio abertzalearen mozioek Portu auzoko mugikortasuna eta argindarra izango dituzte hizpide, eta Abotsanitzenak, berriz, informazio eskubidea, udal zerbitzuen kontratazioa eta Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoaren eraberritzea.
Eguneko aztergaia hamahiru puntuk osatzen duten arren, aldaketak egon daitezkeela mozioen atalean ohartu du udal agintariak.