"Ingurumen osasungarriarekiko kezkak osasun ona du gure eskualdean"
Energia berriztagarrien eta klima aldaketaren gaiekin bidasoarrek "sentsibilitate berezia" dutela dio EH Bilduk. Herritarren nahi horiek asebetetzeko udal politikak funtsezkotzat jo dituzte.
Aurreko asteko energia aurrezteko eta klima aldaketaren aurkako nazioarteko egunen harira, Irungo EH Bilduk zenbait gogoeta elkarbanatu nahi izan ditu herritarrekin. Bi gaiek “zorionez” eskualdean sentsibilitate berezia pizten dutela esan dute lehenik. Zaldunbordaren makroproiektuaren aurkakotasuna, jaurlaritza Plaiaundiko eremuan egiten ari diren “utzikeriagatik” egindako protestak edo Azken Portuko etxebizitza proiektuari herritarrek egindako oposizioa jarri dituzte sentsibilitate horren adibide gisa. “Horrek guztiak pentsarazten digu ingurumen osasungarriarekiko kezkak osasun ona duela gure eskualdean”.
Horregatik, herritarren nahi horiek asebetetzeko tokian tokiko udal politikak egin behar direla nabarmendu dute. Koalizioa “berde ausartak eta abangoardistak” proposatzen urte asko daramatzala erantsi dute, eta esaterako, 2020ko aurrekontu akordioan gaia txertatzea lortu zutela. “Energia agentzia sendo bat” proposatzen jarraituko dutela diote, haien ustez egun Energiaren Bulegoak ez baitu eginkizun hori betetzen. “Lehen urratsa da, zalantzarik gabe, baina tirita txiki abt da elektrizitatearen prezioaren igoerak dakarren odoljarioaren aurrean”.
Udal erakundeek “herritarren energia komunitateak sortzea modu aktiboan bultzatu” behar dutela gaineratu dute, “modu garbian sortutako kilowatt bakoitzak oligopolio energetikoek erosi behar ez diogun kilowatta baita, eta hori pozteko arrazoia da” koalizio subiranistako kideen ahotan.