Hiriko auzoetan kultur ekintza gehiago nahi ditu EAJk
Ficobak, Amaia KZk edo Junkal plazatxoak ekitaldi ugari jaso arren, hiriko auzoetan oraindik ere "defizitik handia" dagoela uste dute.
Irungo EAJk kultur eskaintza auzoetara birbideratzeko proposamena egin berri du, auzoetan “defizitik handia” dagoela ustea baitute. Urtean zehar ekitaldi gehienak Amaia KZn, Ficoban edo Junkal plazatxoan egiten direla diote, eta positiboki baloratu arren, uste dute eskaintza ez dela herritar guztiengana iristen.
Jeltzaleek aipatutako defizit hori aurrekontu partehartzaileetan islatu dela diote, esaterako, auzoetan bertako taldeekin kontzertuak egitea jaso baitute.
Joan den martxoan EAJ gai honekin lotutako bi proposamen aurkeztu zituzten, honakoak: Elkarrekintzan Irun Kultura 2022-2030-en Plan Estrategikoa sortzea eta Irungo auzoetan kultura jarduerak egiteko dauden aukerei buruzko azterlana egitea. Jeltzaleen arabera, bi proposamen hauekin konpromisoa hartu zuen udal gobernuak.
“Kultur jarduerak hiriko auzoetan sustatzeak onura ugari ekarriko lituzkeela uste dugu, hala nola, gizartea birdinamizatzea, auzoetan komunitate gehiago sortzea, eta ezagutza, sormena, aniztasuna eta proiektu eraldatzaileak hiritarrei gerturatzea ahalbidetuko bailuke”, esan dute ohar baten bidez.
Horretarako Kultura KM0 “baliabide aproposa” dela uste dute, “Kultura KM0 bertako artisten promozioa eta emanaldi txikiak egiteko programa baita”. Bide batez gogoratu dute uztailean programaren aurrekontua handitzea proposatu zutela.
Amaitzeko gaineratu dute kultura “Irungo auzoen dinamizaziorako, kohesio sozialerako, eta bai eta
auzoetako denda ezberdinentzako funtsezko elementua” dela.