Bihar arte eman daiteke izena 'Balioen loratzea' programan
Ostegunean hiriko zentroetako adinekoak eta gazteak elkartuko dira, "pandemia garaian gazteen eta adinekoen arteko elkartasuna bistarazteko eta belaunaldien artean balioak transmititzeko" asmoz.
Bihar izango da Balioen Loratzea egitasmoaren barruan antolatu duten I. Foro gazte eta gazteen arteko topaketan izena emateko azken eguna, hala jakinarazi du udalak. Saioa ostegunean (hilak 28) izango da, Martindozenean. Bertan, hiriko zentro sozialetako adinekoek eta 15-25 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute.
“Pandemiak argi utzi du pertsona guztiak komunitate baten baitan bizi garela, etengabeko interakzioan, eta pertsona baten egintzek besteengan eragina dutela. Alabaina, belaunaldi batzuek eta besteek ezberdin erantzun dute osasun krisialdian, eta komeni da haien arteko konpromiso soziala sendotzea, besteak beste harreman solidario positiboak, konfiantza soziala eta auzotasun ona sustatuta”, diote udaletik.
Osasun larrialdian “erronka berriak” sortu direla erantsi dute saioaren antolatzaileek. Adinekoek adibidez, konfinamenduaren eraginez gizartearengandik eta senideengandik bakartuta bizi izan direla diote, eta gazteek bestalde, bizitzako etaparik garrantzitsuenetako batean euren ibilbidea eten behar izan dutela.
Horregatik, saioaren asmoa da gazteei ohartaraztea zeinen garrantzitsuak diren balioak osasun larrialdiko egoeretan eta zeinen garrantzitsuak den adinekoek betiko balioak transmititzea, finean, “pandemia garaian gazteen eta adinekoen arteko elkartasuna bistaratzea eta belaunaldien artean balioak transmititzeko guneak sor daitezen bultzatzea”.
Izen emateak udalaren webgunean egin beharko dira. Osteguneko saioa 17:30ean hasiko dute.