[Elkarrizketa] «Helburua interes indibidual eta kolektiboaren arteko oreka zen»
Arrasaten sortutako kooperatibismoaren ereduak mugimendu kooperatiboari egindako ekarpena aztertu du. «Eraldaketa sozialerako tresna» izateagatik arrakastatsua izan dela uste du hondarribiarrak.

Arrasateko ereduak kooperatibismoari egindako ekarpena aztertu du.
‘Arrasateko kooperatibismoaren sortzaileen ekarpena pentsamolde kooperatiboari’ izenpeko tesiarekin Bikain Cum Laude doktoratzea lortu duzu. Zer da zehazki aztertu duzuna?
Mondragon Unibertsitateko [MU] Lanki ikertegian lan egiten dut. MUko kooperatibismoaren ikertegia da Lanki. Maila batean kooperatibismoa lanbide eta aztergai nagusia da. Asko hitz egiten dugu Arrasateko kooperatibismoaz, nazioartean ere oso ezaguna dela esango nuke, baina maila pertsonalean zailtasunak nituen bere emaitza praktikoaz harago kooperatibismoaren inguruan zer-nolako oinarriak dituen aurkitzeko. Hori izan zen aztergaia aukeratzeko motibazio nagusia, baita horrekin batera jaiotako intuizio moduko bat ere. Egia da kooperatibismoa badela nolabait gizartea begiratzeko beste modu bat: estatuaren edo kapital metaketaren logiken aldean, gizarte antolaketa bestelako balio eta begirada baten arabera antolatzeko. Begirada hori pixka bat galduta zegoen eta nire gogoa hori ondo arakatzea zen. Izan ere, historian zehar nola mamitu den ideia hori interesgarria izan daiteke gaur egun ditugun gizarte erronkei erantzuna emateko. Hori izan da tesiaren interes nagusia.
Hortik abiatuta oinarrian bi dimentsio nagusi jorratu ditut: batetik, begirada historikoa 1960eko hamarkadara arte, orduan sortzen baita Arrasateko kooperatibismoaren ibilbidea; eta bestetik, Arrasateko sortzaileen kontzepzio kooperatiboa aztertu dut, kooperatibismoaren zein ikuskera zuten eta hori testuinguru batean kokatu dut.
1956. urtean, frankismo bete-betean, sortu zen Mondragon Korporazioa. Zerk bultzatu zuen sorrera?
Espainiako gerraren ondorengo urteetan, Francoren diktaduran, behar sozial handiak dituen herria da Arrasate: gosearen sentsazio fisikoaz hitz egiten zuten, etxebizitza arazo larriak zeuden, eta zatitutako komunitate bat zen. Arrasaten enpresa nagusi eta erraldoi bat zegoen, Union Cerrajera izenekoa. Enpresa horrek jardunbide paternalista zuen langileekin, non eskubide eta zerbitzu batzuk ematen zizkien: ekonomatua, jubilaziorako prestazio sozial bereziak, eskola… Enpresa horretako langileen senideentzako ziren soilik.
Korporazioko sortzaileak egoera horri konponbidea ematen saiatu ziren, nola? Oinarri komunitarioko instituzioak eratuz, inplikatuak elkartuz. Hortik ekinbide ezberdinak abiatu zituzten, tartean, Arrasateko ikasle guztientzako eskola profesionala sortzen dute, kontsumo kooperatiba bat, etxebizitza elkarte bat… Aipatu behar da haien helburua ez zela hainbeste kooperatibak sortzea, promozio sozial eta komunitariorako prozesua abiatzea baizik.
Hortik abiatu zen lehen kooperatiba?
Kuriositatea da, baina lehen enpresa sortu zutenean estatutuak Madrilera bidali zituzten, eta handik jaso zuten erantzuna izan zen enpresa hori ezin zutela sozietate anonimoen legedian sartu. Beraz, horrek bultzatuta garatu egin zuten kooperatibaren formula.
Oso interesgarria da aipatzea gizarte proiektu bat dela, zehazki, enpresaren mugen barruan agortzen ez den eraldaketa sozialerako prozesu bat. Enpresa garrantzitsua da. Haien helburua langile klasea ere emantzipatzea zen, nola? Enpresan parte hartze oso eta arduratsurako nolabaiteko egiturak sortuz. Langile klasea lehen mailako herritarren estatusera arte hazi zitekeela uste zuten.
Niretzako politena da ikustea ez dela bakarrik enpresaren mugen barruan geratzen, proiektu sozial bat zutela baizik. Interesgarria da ikustea haientzako kooperatibak nola ziren garapen komunitariorako tresnak, nola bilakatzen duten komunitatea bera enpresaren, kooperatibaren emaitzaren eskubide osoko hartzaile. Funts sozialak eratu zituzten horretarako, eta funts horiek instituzio komunitarioak bultzatzeko erabili ziren.
Hori da ideia. Badute begirada sozial hori, eta horizonte utopikoa ere. Horrela hitz egiten dute haien hasierako testuetan, ez? Kapitalismoa gainditzea, baina nolabait ere hainbat korronte marxistek proposatzen zuten eredu estatalista, zentralista eta despertsonalizatzaile ero horretan erori gabe, pertsona erdigunean jarri eta zainduta.
Lantegitik harago, beraz, proiektua eraldaketarako tresna izan zen.
Horregatik uler daiteke Arrasateko kooperatibismoak izan duen hedapena. Lan elkarte kooperatibek, hala ere, kritika jasotzen zuten langile gutxi batzuentzako elkarteak zirela leporatzen baitzieten, langileen interes berekoi eta esklusiboa bultzatzeagatik, gizartetik eta langile klasetik bereizi eta aldentzeagatik, soilik etekinagatik mugitzeagatik. Horri aurre egiten saiatu ziren Arrasatekoak, eta hori ziurtatzeko dispositibo normatibo mordoa eratu zituzten. Haien helburua zen interes indibidual eta kolektiboen arteko oreka zaintzea. Polita da ikustea nola hasiera hartan, nik esango nuke, eraldaketa soziala zela beraien benetako motorra.

Bestelako gizarte eredu baterako «zutabe eta eredu oso-oso interesgarria» izango da.
Hori da, hain justu, Mondragon Korporazioaren berezitasuna?
Bai, eta uste dut garai hartako kontestuan aztertuta hori izan zela. Ikusita gainera zer-nolako fama txarra zeukaten lan elkarteetako kooperatibek, nik uste dut haien ekarpen guztia hortik doala. Niretzako txundigarriena da ikustea nola artikulatu zuten prozesu komunitario hori zeina mobilizazio komunitarioa izan zen azkenean. Enpresa eta komunitatearen arteko hibridoa da azkenean.
Sei hamarkaden ondoren, hala ere, garai berrietara egokituz joan da Mondragon Korporazioa?
Bai, halabeharrez. Beti esaten dut kooperatibak gizartearen isla direla. Eraldaketa sozialaren terminoetan kooperatibek gauza oso interesgarria dute: ez dira militante gihartsu eta sutsuen enpresa proiektua, jende normal eta arruntarena baizik, esfortzuz eta inplikazioz garatzen den eraldaketa egitasmoa. Horrek beste maila batera eramaten zaitu, eta gizartea kulturalki eta sozialki balioetan eraldatuz doan heinean, hori islatuz doa kooperatibetan.
Gaur egungo kooperatibismoak oraindik bere oinarrizko balioetan demokratikoa izaten jarraitzen du, eta horri balioa eman behar zaio. Demokratikoa etekinak era orekatu batean banatzen dituelako, muga jartzen duelako gehien eta gutxien irabazi behar dutenentzako, eta erreserbatutako funtsen bitartez enpresak berak iraunkortzeko egiten duen ahalegina eta gizarte konpromisoa erakusten duelako. Hori horrela, gaur egungo kooperatibak mundu globalizatuan lehian daudela ikus daiteke. Haien lehiakideak zer-nolako paradigmaren arabera mugitzen diren ikusirik, egia esan, miragarria iruditzen zait nola den posible horrelako enpresa heldu batek bere horretan jarraitzea.
Arrasate eta Deba Goienan izandako eraginaz harago, Euskal Herrian ere eragin du?
Bai, zalantzarik gabe. Hasieran euren jarduteko eremua Arrasate, inguruko herriak, eta eskualdea ziren. Testuinguru horretan azkar sortu zen Fagor, lehen Ulgor zena, eta ospea hartzen hasi zen. Hori oinarritzat hartuta, hainbat eskualdetan mugitu ziren langileekin dinamika ezberdinak abiatuz kooperatiba propioak sor zitzaten. Inspirazio, irakaspen eta eredu bila harremanetan jartzen ziren Arrasatekoekin, eta bat-batean, kooperatiba loraldi bat egon zen Euskal Herrian. Orona, Ampo, Irizar… sortu ziren. Poliki-poliki haien artean antolatzen joan ziren elkartegintzaren bitartez, eta ondoren, horien saretzearen bidez Mondragon Korporazioa etorri zen. Nik uste dut horrek egiten duela nazioartean bereizi, batetik, industria aurreratuko eremuan langileen kooperatibak eratu dituelako, eta bestetik, ezagutu zuen hedapenagatik.
Zer-nolako etorkizuna izango du?
Zaila da erantzuten. Lehen esan dugun ildo beretik, begira zein mundutan mugitzen garen: kooperatibetan tentsioa izugarria da, merkatuaren logikak exijentzia handiak ekartzen dizkie kooperatibei negozio ikuspegitik. Horrek arrisku bat dakar, eta egia da hainbesteko exijentzia dela negozioari erantzutea, dimentsio sozial hori irudikatzea zailtzen duela.
Fagor etxetresnen krisiaren ondotik, uste dut kooperatibak gero eta kontzienteagoak direla ez dagoela bata besterik gabe. Alegia, dimentsio sozial hori zaindu behar duzula enpresa errentagarria izateko, eta ezin dituzu errentagarritasunaren izenean nortasun kooperatiboak eta balio kooperatiboak ahuldu. Hor badago sinbiosi hori.
Bai ikusten dut, gaur egun, Mondragon Korporazioan bereziki zaintzen ari direla hori. Izan ere, etorkizunari begira erronka potoloak datoz. Kapitalismoaren garai honetan eredu bereizgarria den halako enpresa bat mantentze hutsa erronka handia da, arlo finantzarioan, kualifikazio teknikoan, globalizazioak sortutako dinamiketan… Segur aski, bestelako gizarte eredu bat antolatzeko unean, zutabe eta eredu oso-oso interesgarria izango dugula.