[Bideoa] Maitasunaren inguruko 'Amua' antzezlana ikusgai egongo da etzi
Axut! eta Artedrama konpainiek ekoitzitako lana da 'Amua'; Maite Larburu eta Manex eta Ximun Fuchs anaiak dira protagonistak.
Artedrama eta Axut! konpainiek Amua antzezlana taularatuko dute etzi, igandearekin, Itsas Etxea Auditoriumean (19:00). Maitasuna abiapuntutzat hartuta abiatzen den antzezlana da Amua. Maite Larburu eta Manex eta Ximun Fuchs anaiak dira protagonistak. Azken horrek zuzendu du obra. Sarrerak ohiko bideetan daude salgai 8 euroan, 4 euroan berriz, 18 urtez azpikoentzat.
Sinopsiak dioenez, “Anak, bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bestea ez dira jakinean hiru izanen direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. Esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza alde batera uzteak, asteburu bakar batentzat bada ere, barne kalapita galantak eraginen ditu. Oihan basatia, oreinak eta onddoak tarteko, bakoitzak pentsatzen duenaren, erraiten duenaren eta egiten duenaren arteko distantziak pertsonaiak biluztuko ditu. Askatasunaren utopia azkenekoetan dela errana izan zaigu hainbatean, baina maitasunaren izenean, noraino joan gaitezke?”
Ondokoa da teaserra: