Sarek deitutako manifestazioarekin bat egin du Hondarribiko sostengu taldeak
"Konfrontazioz eta sufrimenduz betetako kapitulua" ixtea "ezinbestekoa" dela iritzita, Donostian deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte hondarribiarrak.
Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde mobilizatzera deitu du Sarek etzi, Donostian (17:00). Protestarekin bat egin du Hondarribiko sostengu taldeak ohar baten bidez ezagutarazi duenez, eta horretan parte hartzera animatu ditu, halaber, hondarribiarrak. Areago, Euskal Herrian bizikidetza lortzeko “ezinbestekoa” jo dute “konfrontazioz eta sufrimenduz betetako kapitulu hau ixtea”.
ETAk jardun armatua bertan behera utzi zuenetik 10. urteurrena bete zen atzo, baina horrek ez duela “salbuespen legediaren” amaiera ekarri nabarmendu dute: “Duela 10 urte esan izan baligute gaur egun presoen %56 Euskal Herritik kanpoko espetxeetan egongo zela, ez genuen sinetsiko”. Gaur gaurkoz, euskal kartzeletatik kanpo 104 preso daudela gogoratu, eta horietako “gehienek”, lekualdaketa eskatu edo izapidetzen ari direla erantsi dute.
Zabaldutako informazioaren arabera, hamar preso baino ez daude hirugarren graduan, nahiz eta 70 inguruk erregimen horretan egon beharko lukeen. 52 presok baldintzapeko askatasuna, eta %90ak espetxe baimenak ere jaso beharko lituzkete. Azkenik, Audientzia Nazionalak ezarritako “blokeoa” ere salatu dute.
Egoera honen aurrean, “bihozberatasuna” eta “justizia” aldarrikatu ditu Hondarribiko sostengu taldeak, “espetxe politikaren aldaketa sendotzeko premiaren aurrean baikaude”.