Miramon Zubietara zabaltzearen "garrantzia estrategikoa" berretsi du Abotsanitzek
"Industria iraunkor bat garatzeko, eta bide batez, jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko" proiektua begi onez ikusten duela berretsi du Abotsanitzek.
Miramon Parke Teknologikoa Zubietara hedatzeko proposamenak “garrantzia estrategikoa” duela berretsi du Abotsanitz Herri Batzarrak, komunikabideetara igorritako ohar baten bidez. Udal taldeak oroitarazi duenez, urteak daramatza proiektuaren alde egiten, “azkenekoz, iazko aurrekontuen eztabaidan”. EAJren udal gobernuak atzera bota zuela proposamena ere gogora ekarri du herri batzarrak.
“Industria iraunkorra garatzeko, eta bide batez, jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko Zubietaren garrantzia estrategikoa berresten dugu”, adierazi dute alderdikideek. Hala ere, gaineratu dutenez, “eskualdeko ikuspegia” lehenesten dute: “Ez dezagun ahaztu proiektua askoz aberatsagoa
litzatekeela Irungo lurrak ere aintzat hartuta”.
Baieztapen hori argudiatzeko adibidea jarri du Abotsanitzek eta baliogabetetutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO) erreparatu dio: “Zubietara iristeko bide berriak Irungo Letxunborro etorbidea eta N-638 errepidea lotuko lituzke, eta errepide berri horrek Mendeluk jasaten duen trafikoaren zati bat irentsiko luke, mendelutarren bizi kalitatea hobetuz”.
Hori horrela, Irungo udal taldeekin bilkurak egingo dituela iragarri du herri batzarrak, haien “iritzia ezagutu” eta proiektuaren “aldeko indarrak batzeko”. Gainera, herritarrek edukiko dutela azken hitza gaineratu du, “plan orokorraren eztabaidaren barruan”.
2010eko maiatzean eta 2015eko martxoan Zubietan jarduera ekonomikoa zabaltzeko hitzarmenak sinatu zituztela oroitarazi du udal taldeak. “Bistan denez, bete ez direnak”.