Asteburuan estreinatuko dute Gal Stadium ondoko zelai berria
Udalak jakinarazi du azken erremateak falta direla, egunotan amaituko dituzte lanak. Asteburuan lau partida jasoko ditu zelaiak.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, Gal Stadium ondoko zelaiko belar artifiziala eta argiteria berritzeko lanak amaitzear daude. Azken erremateak falta dira soilik, beraz, berehala instalakuntza lehen partidak hartzen hasiko da. Asteburu honetan bertan lau partida jokatuko direla aurreratu du udalak.
Eranskineko zelai hori Real Unioneko harrobi taldeek, beteranoek zein Eskola Kirolean aritzen diren hiriko taldeek erabiltzen dute, entrenamendu zein partidetarako. Honako lanak egin dituzte: ateak eta aulkiak kendu, egungo belarra altxatu eta behin planimetria egiaztatuta, belar berria jarri eta urik ez pilatzeko lanak egin dituzte. Argiteria dagokionez, zelaiaren inguruko lau dorreen argiteria aldatu dute, “zelaia areago eta uniformekiago argiztatzeko” helburuarekin. Azkenik, alboetako kanaletak, baranda babesgarriak, aulkiak eta zakarrontziak ordezkatu dituzte.