2022an zergak eta tasak izoztu nahi ditu udalak
Iazko planteamendua mantentzeko proposamena egin du udal gobernuak, uste baitu "orain ez dela egokia Irungo herritarren presio fiskala handitzea prezio igoerekin".
Irungo Udaleko Ogasun sailak dagoeneko zerga ordenantzak eta prezio publikoak arautzeko urteroko proposamena helarazi die udal talde guztiei, hil honetako osoko bilkuran eztabaidatzeko asmoz. Proposamena iazko ildo beretik doala azaldu dute udaleko iturriek. Hau da, Irun Aurrera planarekin bat etorrita eta COVID-19aren pandemiak eragindako krisia kontuan hartuta, aurten ere erabaki dute zerga eta tasen igoera zekarren proposamenik ez eramatea osoko bilkurara. Beraz, aurtengo proposamena izan da 2022ko zerga eta tasak izoztea.
“Egoerak hobera egin du eta poliki-poliki normaltasunera hurbiltzen goaz baina, edonola ere, uste dugu orain ez dela egokia Irungo herritarren presio fiskala handitzea prezio igoerekin, nahiz eta horren ondorioz udalaren diru sarrerak txikitu», esan du Miguel Angel Paez ordezkariak.
Erabaki honen arabera, ez dute igoko higiezinen zerga edo aparkatzeko tasarik, besteak beste. Dena den, udalak egindako proposamenak baditu zenbait aldaketa. Esaterako, higiezinen gaineko zergan %50eko hobari bat ezarri nahi dute eguzki energia edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatu dituzten etxeetarako. Bestalde, efizientzia energetikoaren A klaseko etiketa duten etxeei ere hobari bera aplikatu nahi diete. B klasekoa dutenen kasuan aldiz, %40eko hobaria proposatu dute.
Aparkatzeko tasari dagokionez, “ibilgailu hibridoen ugaritzea dela eta”, auto horiek duten %75eko hobari mugagabea izatetik bost urteko epea edukitzera pasatuko litzateke udalaren proposamenaren arabera.
Eraikuntza edo obren gaineko zergaren kasuan eguzki energia edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak dituzten eraikuntzetarako hobaria egokitu nahi dute: %95era artekoa izatea. Era berean, hutsik dagoen etxebizitza bat alokairuan jartzera bideratautako lanentzat %95eko hobaria ere planteatu dute.
Amaitzeko, urteko 40 euroko ordainketa bat ezarri nahi dute mugikortasun urriko pertsonentzako plaza izendunak erabiltzeko, orain arte doakoa izan baita. Txartelaren titularrak bakarrik erabil ditzakeen aparkatzeko plazen kasuan aplikatuko litzatekeela azaldu du udal gobernuak. Prezio publikoen atalean berritasun nagusia Gabonetako kanpainako izotz pistari eragingo lioke. “Duela bi urteko prezio berean denbora bikoitza” egon ahalko baitira erabiltzaileak patinatzen.