180 zaldi baino gehiago lehiatuko dira asteburuan Jaizubia Hipikan
XV. Ipar Salto Ligaren bosgarren jardunaldia jokatuko dute bertan larunbatetik igandera bitarte.
XV. Ipar Salto Liga jasoko du asteburu honetan Irungo Jaizubia Hipikak, zehazki bosgarren jardunaldia izango da larunbatetik igandera bitarte jokatuko dutena. Gaur aurkeztu dute asteburukoa Maite Gonzalez Jaizubia klubeko zuzendaritzako kideak eta zuzendari tekniko Xabier Berrotaranek.
Bertan azaldu dutenez 180 zaldi inguru lehiatuko dira Irunen, 200 irteera baino gehiagorekin. Larunbatean ekingo diote lehiari, 8:00etan. Igandekoa ere ordu berean hasiko dute. Finala aldiz, Gijonen (Asturias) jokatuko dute, azaroaren 13 eta 14an.
Klubetik nabarmendu dutenez, lehen hitzordua izango da pandemiari aurre egiteko neurririk gabe, baina gogoratu dute musukoa eramatea beharrezkoa izango dela zaleentzako. Bertaratzen direnentzako aparkalekuak egokituko ditu klubak, Txingudi Ikastolan eta Urdanibiako jauregiaren inguruan.