1,1 milioi eurotik gora inbertituko dute Jaizkibelgo euri-uren kanalizazioan
Uholdeak prebenitzeko obren bigarren faseari ekin diote dagoeneko; hamalau hilabetez Ramon Iribarren kalean eta Baserritar etorbidean jardungo dira beharginak.
Jaizkibel mendiko ekialdeko euri-uren bilketarako bigarren faseari ekin diote dagoeneko Hondarribiko Udalak, Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Uholdeak prebenitzeko bigarren esku hartzea hamalau hilabetez luzatuko da, eta Ramon Iribarren kalean eta Baserritar etorbidean jardungo dira beharginak tarte horretan. Zehazki, hiru hilabetez lan egingo dute Arrokatik Ramon Iribarrenera, eta hamaika Baserritar etorbidean. 1.130.000 milioi euroko aurrekontua dute lanek.
Bigarren fasearen nondik norakoak azaltzeko agerraldia egin dute gaur arratsaldean Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, Jose Antonio Santano Txinzerreko presidenteak, Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, eta departamentu bereko Enrique Ramos zuzendariak. Emandako azalpenen arabera, “obraren bidez sare bereiziak sortu dira Baserritar etorbidean, Jaizkibelgo mendi hegaletik ura sartzea sahiestuz”.
Helburu bikoitza du esku hartzeak: batetik, Ramon Iribarrenetik kai berriraino gertatu ohi diren uholdeak eta luiziak ekiditea, eta bestetik, euri-urak eta ur zikinak bereiztea eta bigarrenak tratatzeko saneamendu sarea sortzea. Hortaz, euri-urak Txingudiko badiara isuriko lirateke, eta ur beltzak, berriz, Atalerrekako araztegira bideratu.
“Eskertuta”
Txomin Sagarzazu alkatea “eskertuta” agertu da lanekin eta instituzioen arteko elkarlanarekin. “Esan beharra daukat bizilagunok ondo dakigula zer-nolako eragina duen”, erantsi du. Gainera, aldaketa klimatikoari “aurre egiteko tresna ezin hobea” iritzi die lanei.
Ildo beretik mintzatu da Asensio obretara egindako bisitan. Batetik, “eskerrak” eman dizkie bertaratutako arduradun politikoei hartutako akordio eta aurrera eramandako elkarlanarengatik, eta bestetik, “arriskuak prebenitzeko ezinbesteko lanak” direla sinetsita agertu da. Gainera, ur hornidura “hobetuko” dela adierazi du: “Hondakin urak eta euri-urak nolabait bereiztu egin behar dira. Obra honekin behin betiko soluzioa ematen zaio, eta honi esker, bizi kalitatea eta uraren kalitatea bermatuko dira. Santanok bere aldetik “berri ontzat” jo du obra, eta uholdeak sahiestuz “denok irabaziko dugula” gaineratu du.
“Ezinbesteko” lanak direla iritzita, datozen hilabeteetan sortuko diren eragozpenak barkatzeko eskatu die Asensiok bizilagunei bukaeran.