"Harridura" agertu du PSEk Zubietako proposamenarekin
Azken urteetan Miramon Parke Teknologikoaren Bidasoko zabalpena "kolokan" egon dela adierazi du udal taldeak, eta proiektu berriak Zaldunbordako eremuan kokatzearen aldeko apustua berretsi du.
Hondarribiko PSE-EEren udal taldeak “harridura” agertu du Miramon Parke Teknologikoaren hedapena Zubietan eraikitzearen aldeko proposamenarekin, ohar baten bidez jakinarazi duenez. Azken urteetan proiektua “kolokan” egon dela gogoratu dute sozialistek, haien arabera, Itziar Epalza parke teknologikoen zuzendariak prentsa aurrean egindako adierazpenengatik: “Egun, gure helburua Miramon eta Galarreta garatzen joatea da”.
Zaldunborda-Zabaleta-Ibiztieta eremuan jarduera ekonomiko “berritzaileak, sorberriak, eraldaitzaileak, sormenezkoak…” ezartzearen aldeko apustua berretsi du sozialisten udal taldeak. Izan ere, Zubietan “aireportuko aire espazioaren beharrez gain, etorkizunean aurreikusitako Karmeliten eremurako garapena, eta plan orokorran aurreikusi bezala, Bidasoa ospitalearen zabalkundea” aintzat hartu behar direla uste du.
Areago jo du kritiketan PSE-EEren udal taldeak: “Ez dakigu bururapen hau zertara datorren edo ke gortina bat den”. Ildo horretan, EAJren “zehaztugabetasuna ohikoena” dela, eta gobernu taldeari zein Txomin Sagarzazu alkateari “anbiguotasunean” mugitzen direla iritzi dio.
Proposamenaren aurkezpena ere kritikatu dute sozialistek, “udal taldeekin zein Irungo Udalarekin adostu beharreko egitasmoa” baita.