Oiassok jardueren eskaintza indartu du, bi egitasmo berrirekin
Europako Ondarearen Jardunaldien barruan 'Oiasso emakumeak' eta 'Oiasso app-en bidez' izeneko egitasmoak antolatu dituzte, "ondarearen balioa aitortzeko, herritarrengana hurbiltzeko eta haren kontserbazioak duen garrantziaz sentsibilizatzeko".
Europako Ondarearen Jardunaldien harira, udalak Oiasso Erromatar Museoaren jardueren eskaintza zabaltzeko apustua egin du, “ondarearen balioa aitortzeko, ondarea herritarrengana hurbiltzeko eta haren kontserbazioak duen garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko” asmoz. Hala, bi egitasmo berri antolatu dituzte.
Lehenengoan lau emakumeren begiradaren bidez historiara gerturatzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei, Oiasso emakumeak izeneko proiektuaren barruan. Bi antzerki emanaldi eskainiko dituzte, “erromatarren garaiko errealitateak berriz ere bizitzara ekartzeko”. Lehen emanaldia larunbatean (hilak 9) izango da, Olatz Beobidek eta Naiara Arnedok eskainita; bigarrena aldiz, Santa Elena ermitak jasoko du hilaren 23an (larunbata ere), Patxi Perez eta Aia Krusek gidatuta. Bi kasuetan bi saio eskainiko dituzte, goiz eta arratsaldez, eta sarreraren prezioa 5,50 eurokoa izango da.
Bestalde, Oiasso app-en bidez izeneko egitasmoari esker museoko bisitariek beste modu batera aztertu ahal izango dituzte museoko bildumako pieza arkeologiko batzuk, Oiasso eta Tour Irun Romano app-ak erabilita. Errealitate birtualaz baliatuta iraganera bidaiatuko dute bisitariek, garai bateko Oiassora. Egitasmo honen hitzorduak hilaren 16an eta 23an izango dira, 11:00etatik aurrera. Honen sarrera ere 5,50 eurokoa izango da.