[Erreportajea] Artisauen lanari balioa emateko saretzen hasi dira
Hondarribiko hainbat artisauk TZAK izenpeko kolektiboa sortu berri dute. Espazioak lortzeko gorabeherak elkartuta, artisautza ez dagoela «sozialki baloratua» uste dute. Erakusketa aretoak eta saltokiak aldarrikatu dituzte.
Artisauak indarrak batzen ari dira azken aldian Bidasoaldean. Orain dela hilabete gutxi Eskuz-lan Bidasoko elkarteak bere burua ezagutarazi bazuen, oraingoan Hondarribiko hainbat artisauk Txingudiko Zuraren Artisau Kolektiboa (TZAK) izenpeko elkartea sortu berri dute. Momentuz zazpi lagunek osatzen dute taldea, eta nabarmendu dutenez, berreskuratutako materialekin lan egiten dute bereziki, egurra, ehunak, harriak eta beira tartean.
Herritar ugariren artean artisautzaren inguruko kezka zabaltzen ari dela-eta han-hemenka hainbat kolektibo sortuz doazela uste dute. Onartu dutenez, hala ere, zaila da horretarako espazioak aurkitzea. «Kontuan izan bulego bat sortu nahi baldin baduzu coworking espazioak daudela, ez ordea artisautzara bideratutako guneak. Jakin badakigu konplikatua dela halako guneak eskaintzea, baina ezinezkoa da etxean horrelakorik egitea», azaldu du Oskar Marcos kolektiboko kideak.
Santiagotxoko baserri batean «kasualitatez» elkartzen hasi ziren. Hala adierazi du Joaquin Galvez artisauak, nahiz eta denborarekin lokala utzi behar izan zuten. Orduan hartu zuten elkarte gisa eratzeko erabakia, eta espazio berrien bila ari zirela Hondarribiko Udalaren atea jo zuten. «Sentitzen zutela esan ziguten, baina ez zutela espaziorik», jarraitu du Galvezek: «Horregatik, Txingudira zabaltzea erabaki genuen. Izan ere, Hondarribian lokal bat lortzea ezinezkoa da, eta agian Irunen bilatu beharko genukeela ikusi genuen. Gainera, Irungo Udalak laguntzeko erakutsitako prestutasuna oso bestelakoa izan da».
Espazioen gabezia
Maider Camara, Eva Montoto eta Agustin Tife taldekideak ere espazioen gabeziaz mintzatu dira. Lehenengo biek azaldu dute tailer ireki baten aldeko apustua egin nahi zuela kolektiboak, nahiz eta aurkitu duten lokalean «ezinezkoa» egiten zaien gainontzeko herritarrei gunea zabaltzea. Izan ere, ikastaroak emateko aukera esku artean zuten hasieran, baina oraingo lokalaren dimentsioak ikusita ideia alboratu dute.
Itsasoak lehorrera ekarritako egurrarekin lan egiten duen Tife artisauak, bere aldetik, lanerako espazioak baino lanak erakusteko guneak falta direla uste du. Bereziki, egurrarekin edo pieza handiekin lan egiten dutenentzat: «Argia, segurtasuna, irisgarritasuna… Faktore horiek bete egin behar dira, eta Arma Plazak ez ditu asetzen igogailua izan arren». Ildo horretan, beste herrialdeetan ez bezala, artisautza ez dagoela «sozialki baloratua» erantsi du Tifek, eta horixe da, hain justu, elkartearen erronketako bat: «Gure lana ikusaraztea ezinbestekoa da».
Hondarribiko Alde Zaharrari artisautza dendak falta zaizkiola iritzi diote, era berean, Montotok eta Camarak. Bereziki zeramikara bideratutako saltoki bat dago, eta herriko oroigarriak ere saltzen ditu, baina artisauek haien lanak salgai jartzeko gune baten falta sumatzen dutela adierazi du Montotok. Hondarribiko Udalak aukera horretan laguntzea nahiko luke taldeak.