Ermita kalea berrurbanizatzeko hartutako konpromisoa betetzeko eskatu dio EAJk udal gobernuari
Ama Xantalen ermitatik iturrira bitarteko zatirako 375.000 euro bideratzeko konpromisoa da udalak hartutakoa, eta oraindik aurrera pausorik eman ez izana leporatu diote.
Joan den uztailean jeltzaleek aurkeztutako zuzenketaren ondorioz hurrengo Kreditu Modifikazioan Ermita kalearen berrurbanizazioa martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen udal gobernuak, baina oraindik aurrera pausorik ez dutela eman salatu berri du Irungo EAJ taldeak. Jeltzaleen arabera, Ama Xantalen ermitatik iturrira bitarteko zatirako 375.000 euro bideratzeko konpromisoa da udalak hartutakoa, baina oraindik bete ez duena.
Jeltzaleek gogoratu dute uztaileko udalbatzan bi milioi euro esleitu gabe utzi zituela udal gobernuak, beraz, “hurrengo osoko bilkuran gure hiria sustatzeko eta sektore ezberdinei zein hiritarrei laguntzeko erabili ahalko liratekeela” uste du taldeak.
Ermita kalea berrurbanizatzeko kopuru hori erabilgarri dagoela erantsi dute, “kaleen irudia eta irisgarritasuna hobetzeko” balioko duena. Horretarako, espaloiak eta lurzoruak egokitu nahi dituzte jeltzaleek, eta hala, oinezkoen koexistentzia edo lehentasuna ahalbidetuko litzatekeela uste dute.
Udal gobernuari dagoeneko bilera eskatu diotela azaldu dute jeltzaleek, “konpromisoa betetzeko eskatzeko eta Ermita kaleko berrurbanizazioa hobetzeko”. Azkenik, gaineratu dute proposamen honen aurrean aurkeztuko duten jarera “akordio bat bilatzearen aldekoa” izango dela, haien helburua baita “irundarren beharrei erantzuna ematea, eta horretan lanean jarraituko dugu”.