Tokiko merkataritza sustatzeko bonu kanpaina berria aurkeztu du udalak
Iazko esperientzia aintzat hartuta, kanpaina abiatuko du berriz ere Eusko Jaurlaritzak; 200.000 eurorekin atxikitu da Hondarribia egitasmora.
Tokiko merkataritza sustatzeko bonu kanpaina berria aurkeztu dute gaur goizean Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Maria Serrano Merkataritza zinegotziak prentsa aurrean egindako agerraldian. Emandako azalpenen arabera, Eusko Jaurlaritzak bonu kanpainarako aurreikusitako 4,6 milioi euroez gain, 200.000 eurorekin bat egingo du Hondarribiko Udalak egitasmoarekin.
Astelehenetik aurrera atxikitu ahal izango dira Hondarribiko merkatariak kanpainara. Aurten, gainera, kanpainan parte har dezaketen establezimenduen tipologia zabaldu egin duela Jaurlaritzak berritasun modura aurkeztu du Serranok. Hortaz, besteak beste, oraingoan ile-apaindegiek, estetika dendek edota argazkilariek izena eman ahal izango dute. Astelehenetik hilaren 17ra bitartean gauza daiteke eskaera ondoko webgunean.
Herritarrei dagokienez, 16 urtez gorakoek parte har dezakete kanpainan, eta gehienez, bost bonu bereganatu ahal izango ditu bakoitzak. Kontsumo txartelak gastatzeko epeak, urriaren bukaeratik abenduaren 5era arte eta urtarrilaren 10etik martxoak 31 arte izango da.
“Arrakastatsua”
Osasun krisiak “gehien kaltetutako” sektoreetako bat tokiko merkataritza izan dela iritzita, begi onez ikusi du Sagarzazuk bonu kanpainaren bigarren ekitaldi bat abiaraztea: “Garrantzia handikoa iruditu zitzaigun tokiko merkataritza sustatzeko ekimenak bideratzea”. Ildo horretan, egitasmoa “arrakastatsua” izan zela adierazi du alkateak, “eta Eudelen bitartez jakin dugunez ez soilik Hondarribian”. Hori horrela, Sagarzazuk eta Serranok egitasmoan parte hartzera animatu nahi izan dituzte Hondarribiko komertzioak.