Portua proiektua "EAJrena" dela eta "ez udalarena" salatu du Abotsanitzek
Jeltzaleek Porturako aurkeztutako egitasmoa "ez" dutela "inorekin kontsultatu" dio Abotsanitzek: "Ez alderdiekin, ez eragileekin, ezta herritarrekin ere".
Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk eta Mugikortasun zinegotzi Juan Luis Silanesek Portua auzoaren proiektuaren inguruan atzo egindako aurkezpena “EAJrena” dela eta “ez udalarena” salatu du gaur Abotsanitz Herri Batzarrak. Gobernu taldeak ez duela egitasmoa “ez alderdiekin, ez eragileekin, ezta herritarrekin ere” partekatu erantsi du udal taldeak.
“Hondarribiko Mugikortasun Jasangarriaren Planari iruzur egin dio EAJk, baita Mugikortasun Mahaiari ere”, jarraitu du alderdiak oharrean. Izan ere, planak hainbat esku hartze zehaztu dituela Porturako aitortu du taldeak, “baina udal
gobernuak aurkeztutako ekintzak ahobakarrez erabakita daude, ez dira mahaian konpartituak izan, eta horrek planaren beraren izpiritua urratzen du, ezinbestekoa jotzen duelako ‘eragileek ezarpenaren jarraipenean parte hartzea eta herritarrek aldaketak onartzea'”.
Horrez gain, mugikortasun ordenantza “urratzen” duela planak erantsi du Abotsanitzek. Adierazitakoaren arabera, alderdien eta eragileen “ekarpenak aintzat hartu gabe” onartu zen ordenantza uztailaren 29ko udalbatzan, eta “boletinean argitaratu gabe dagoenean dagoeneko zuzenketak ezarri dizkio udal gobernuak, Portuan hartutako zenbait neurrik ordenantzaren kontrakoak direlako”.
Hori horrela, aurkeztutako neurriak “oso desegokitzat” jo ditu Abotsanitzek, eta besteak beste, hiru aipatu ditu: “Batetik, ez da zilegi Butroi pasealekuaren erdia erabilera pribatura (terrazak) bideratu denean, erabilera publikoa mugatzea, adibidez, bizikletak debekatzea. Bestetik, aparkalekua egoiliarrentzat mugatzeak albo kalteak eragingo ditu, egun erresidentzialak diren zenbait eremu (Donostia kalea, Soroeta…), transitokoak bilakatuko baitira. Eta hirugarrenik, Biteriko aparkalekua ezin da alternatiba gisa onartu, ez baita aparkaleku bat belardi bat baizik”.
Herritarren eta eragileen parte hartzerik gabe ez dela proiektu “onik” izango adierazi du, halaber, Abotsanitzek, eta ezinezkotzat jo du trafikoa murriztea “ez bada hirigunetik kanpo aparkatzea” bermatzen. Bukatzeko, EAJk ez duela “inoiz aztertu nahi izan” Abotsanitzek Zezen Plazako lurazpiko aparkalekuaren inguruan egindako proposamena gehitu du udal taldeak.