"Uholdeak dira Irunen eragin handiena izan dezaketen arriskuetako bat"
Aldaketa klimatikoak eskualdean eragin ditzakeen kalteekin kezkati agertu da EAJ. Horretarako, beharrezkotzat jo dute Klimaren eta Energia Eraginkorren aldeko Ekintza Planari (KEJEP) "bultzada berri bat" ematea.
Komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren gainean argitaratu dituen azken txostenekin kezkati agertu da Irungo EAJ taldea, eta “egoera kezkagarri honen aurrean etorkizun seguru, berde eta kalitatezko baten aldeko apustua” egin nahi dute. Horretarako, Klimaren eta Energia Eraginkorren aldeko Ekintza Planaren (KEJEP) datorren deialdi berriari jarri dira (udalak hil hasieran abiatu zuen prozesua), eta plan horrek “bultzada berri bat” behar duela aldarrikatu dute.
Lehenik udalean indarrak batzea “beharrezkotzat” jo dute jeltzaleek, “ikuspegi bateratu bat sortzeko, hiritarrak kontzientziatzeko eta hiria eraldatuko duten erabakien parte sentitzeko”. Izan ere, KEJEP planak hiria nolakoa izango den erabakitzeko eta ingurumenerako atsegina den hiri bat eskuratzeko estrategiak landuko dituela azaldu du taldeak.
“Udal gobernuak Irun jasangarriago bat bermatuko duen hiri diseinu baten alde lan egin behar duela uste dugu, gune berde eta urdinak (ibaiertzak) bultzatuz”, diote jeltzaleek. Planak aldaketa klimatikoak eragingo dituen ondorioak jasotzeaz gainera hiriak jasango dituen arriskuak jasotzen dituela nabarmendu dute. Eta horien artean uholdeen maiztasuna eta intentsitatea da jeltzaleen arabera eskualdeak gehien jasango dituenak etorkizunean. “Irun Bidasoa ibaiaren eta kosta ertzetik gertu dagoen hiria da. Horrenbestez, itsas mailaren igoerek eta prezipitazioen erregimenaren aldaketek, kalteak eragin ditzakete etorkizunean”.
Arrisku horri aurre egiteko, besteak beste, uholdeekiko erresilientzia handitzea, lurraren iragazkortasuna hobetzea, naturan oinarritutako konponbideez baliatzea edota antolaketa hobetzea proposatu dute. Era berean, Agenda 2030 irundarrei “modu pedagogikoan” ezagutarazteko eskatu dute jeltzaleek, hiriaren erronkak eta eraginak irundar guztiek ezagutu ditzaten.